argia.eus
INPRIMATU
Espainiak ez ditu betetzen ustelkeriaren kontrako arauak EBren arabera
  • Ustelkeriaren aurka Europako Batzordeak 2013an emandako hamaika gomendiotatik bost baino ez ditu betetzen Espainiako Gobernuak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 04a
Diputatuen Kongresua. Irudia: Alvaro Mingito

EBren aholkuek goi karguen arteko independentzia eta gardentasuna bermatzea zuten helburu. Besteak beste, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Estatuko Fiskaltza Nagusiaren arteko independentzia. Parlamentari eta senatarien ondasunen inguruko gardentasun txostenak sortzea ere gomendioetako bat da. Azken hori oraindik ez bete izana nabarmentzen du ikerketak: lau urte geroago Espainiako Gobernuak oraindik ez du herritarren  eskura jarri diputatu eta senatari bakoitzaren ondasunen inguruko zerrendarik. Esaterako, enpresaren batean izan ditzakeen akzio kopuruak, jasotako oparien jatorria, interesen araberakoak izan daitezkeen harremanak…

El Salto aldizkariak jaso duenez, EBren txostenak Espainiako Gobernuak boteren artean ahalik eta banaketa gehien egon dadin eginiko lana txalotzen badu ere, aldi berean erabat kritikoa eta zurruna da bete ez diren gainontzeko gomendio guztiekin. Azken hilabeteetan izandako hauteskundeek jasotako aholkuak behar bezala betetzea galarazi dutela dio Madrilek, ohiko jarduera instituzionala eten dutelako. Argudio ahulegia dela nabarmendu du Bruselak.

Espainiako Parlamentuan gardentasunaren inguruan eztabaidatzen ari diren lege proiektua ontzat jotzen du ikerketak, baina epe laburrean azkarrago eta eraginkorragoak izan daitezken neurriak ezartzeko beste bide batzuk ere badirela gogoratu die ikerketaren egileek.