argia.eus
INPRIMATU
Espainiak eta Frantziak asko dute hobetzeko adierazpen askatasunaren alorrean, Mugarik Gabeko Erreportarien arabera
  • Munduko herrialde ugarietako adierazpen askatasunerako eskubidearen egoera aztertzen duen txosten bat argitaratzen du urtero —2002an hasita— Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) GKEak. Bertan, 180 herrialdek osatutako ranking-a osatzen dute, prentsan adierazpen askatasuna gehien babesten dutenetatik askatasun gutxien dagoenera.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 25
Arg: Ecuador Etxea

Aurtengo txostena kaleratu berri dute: Espainiako Estatua 31. postuan dago, eta Frantziakoa, 33.ean.  

Kazetariak, Kataluniaren kontrako gurutzadaren biktima

Txostenaren arabera, 2017ko azken hiru hilabeteak “bereziki txarrak” izan ziren Kataluniako prentsa askatasunarentzat: “Kazetariak Gobernu zentralaren eta Kataluniako Gobernuaren gatazkaren albo-biktimak bihurtu dira”. RSFk salatu du independentzia babesten ez duten kazetari askok lintxamendua jasan zutela, eta aldekoak polizien mehatxuen biktima izan zirela erreferendumaren berri ematen ari ziren bitartean. “Jende-saldo haserreak bai Espainiako eta baita Kataluniako erreportariei beraien lana egitea eragotzi zieten manifestazio independentista eta independentziaren aurkakoetan”, azaltzen du txostenak.

Bestalde, Interpolek eskatuta Hamza Yalçin eta Dogan Akhanli jatorri turkiarreko kazetarien atxiloketaren kasuaren trataeran ez zela adierazpen askatasuna babestu salatu du RSFk. Espainian atxilotu zituzten, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak arrazoi politikoengatik hala agindu ostean. “Berri on bat egon zen", RSFren arabera: "RTVEren erreformak honen pluralismoa eta independentzia bermatu behar zuen. Baina Mozal Legea prentsaren askatasuna murrizten ari da oraindik”.

Frantziako medioak, multinazionalen esku

“Orokorrean, hedabide frantsesak askeak dira, eta legeak nahiko ondo babesten ditu. Baina medioen panorama enpresa multinazionalek kontrolatzen dute, kazetaritzarekin zerikusirik ez duten interesen bila”, azaltzen da txostenean.

Honek editorialen independentzian eragina duela aipatzen da, eta are, “komunikabide interesatuen biziraute ekonomikoa” eragin dezakeela. “Canal +, Vincent Bolloré milioi askoko enpresariaren Vivendi entretenimendu enpresaren jabetzapeko kateari leporatu zioten Togo goratzea, non Bolloréren konpainiak inbertsio garrantzitsuak egin baitituen”, dio txostenak. Bolloréren konpainiak 20 salaketa baino gehiago aurkeztu ditu hedabide ugariren aurka.

“Hedabideen aurkako erasoak” hazten ari den arazoa dira Frantziako Estatuan RSFren ustez: “Hedabideen aurkako kritikak, batez ere politikoek eta jende ospetsuak egindakoak, bereziki gogorrak izan ziren 2017ko hauteskunde kanpainan”.