Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman dio Agustín Toranzari, Sevillako Casas Viejas zentro soziala hustu zutenean torturak salatu zituen aktibistari. Andaluziako Junta eta Espainia zigortu ditu epaiak.
Hamaika urte pasa dira gertakari haiez geroztik. Sevillako Casas Viejas zentro sozialak etxegabetze-agindua jaso zuen 2007an, eta berehala hustu zuten. Kaleratzean torturak jasan zituela salatu zuen Agustín Toranzok, egun batzuk geroago egindako prentsaurreko batean, bideo eta irudi batzuen bitartez.
Andaluziako gobernuak 6.000 euroko isuna jarri zion, “tortura” ez zela argudiatuta. Herriaren “defentsan” eginiko jarduera bat zela zioten, eta ez informazioa atera nahi izan edo umiliatzea, azken hori baino ez baita tortura Juntaren hitzetan. Orain, ordea, tortura egon zela frogatu da, El Saltok jaso duenez.
Estrasburgoko Auzitegiak 2014an onartu zuen kasua eta aztertuko zela adierazi zioten Toranzori. Lau urte pasa ondoren, asteartean iragarri dute epaia: Espainiako Gobernuak 1.200 euroko indemnizazioa ordaindu beharko dio Toranzori Juntak jarritako zigorrarengatik, 4.000 torturengatik eta 3.000 euro baino gehiago auziak izan duen kostuarengatik.