Espainia eta Katalunia atentatuen ispiluan

  • Atentatuen izaera eta ondorioez gain, bada galdera bat etengabe dabilena auzi honen bueltan: nola eragingo dio honek prozesu independentistari? Nola urriaren 1eko erreferendumari? Denborak erantzungo du zehatzago, baina dagoeneko ez da zalantzarik eragiten ari dela, egunero, sakon eta atentatua ardatz. Gai ugaritan ikusi da, lehen orduetatik gainera.


2017ko abuztuaren 24an - 17:09
Puigdemont eta Rajoy Bartzelonan.

Atentatuaren lehen balorazioa. Carles Puigdemontek eta Ada Colauk atentatuak izan eta lau ordura eman zuten lehen balorazioa, 21:00ak aldera. Ia hiru ordu beranduago eman zuen Mariano Rajoy-k berea, Bartzelonan. Ez zuten ezer egin elkarrekin. Ezta haien poliziak bildu. Rajoy, Soraya Sáenz de Santamaria eta José Ignacio Zoido Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan bildu ziren, Gobernuaren ordezkariarekin eta, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren buruekin. Ez zen bileran izan Esquadra Mossoen ordezkaritzarik, hauek zirenean polizia operazio osoa zuzentzen eta bideratzen ari zirenak.

Katalana. Espainiako sare sozialetan eta hedabide ugaritan gogor salatu zen Carles Puigdemontek katalanez eman izana lehen balorazioa eta ez espainolez. Adierazpena itzulia izan zen eta hiru hizkuntzatan zabaldu zitzaien hedabideei, katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez. Mossoek ere kritika gogorrak jaso dituzte agerpenetan izan duten hizkuntza politikagatik: lehenik katalanez ematen dute azalpena, ondoren gaztelaniaz eta galderei erantzuten zaie egindako hizkuntzan. Josep Lluis Trapero Mossoen buruaren “Beno, ongi da, ba joan" erantzuna izugarri ospetsua egin da: espainolez egitea eskatzen zion kazetari batek prentsaurrekotik alde egitean luzatu zion esaldia Traperok.

Independentismoaren aurka. Atentatuaren ondorengo orduetan albisteen zurrunbiloan murgildua zegoena berehala ohartuko zen Kataluniako hedabideak erabat zentratuta zeudela atentatuaren ondorioetan, txundituta eta lana gainezka oso nahasian zetorren informazioa kudeatzen. Hedabide espainiarrak ere horretan ari ziren, jakina, baina hainbat hedabide baita beste zerbaitetan ere: atentatuaren eguneko gauean bertan El Mundo eta El Pais-eko editorialistak, esaterako, independentismoaren aurka idazten ari ziren beren editorialetan, atentatuaren erabilera politiko makurrena eginez.

Biktimak. Herrialde ugaritakoak izan dira biktimak eta hauen nazionalitatea aipatzean Generalitateak espainiarrak eta katalanak bereizi ditu. Honek biziki haserrarazi ditu hedabide espainiar ugari.

Polizien jarduera. Baina nonbaiten desberdintasunik ikusi bada, hori polizia jardueran izan da. Mossoek protagonismo osoa izan dute eta, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila bigarren maila batean geratu dira, horretara inondik inora ohituta ez daudenean. Denek ikusi dute hori oso garbi eta agian Polizia Nazionaleko Agustín Linares buruak esan du argien ABC-n: “Gure mugetatik at inork ez du ulertzen desagertuak egotea Mossoek hala erabaki dutelako eta Espainiako Gobernua bera ere ikusle hutsa izatea”.

Ika-mikak ez dira hor geratu, polizia sindikatuek elkarren artean jaurtitako akusazioak ere ez dira txantzetakoak izan eta. Polizia Nazionaleko SUP eta Guardia Zibilaren SUGCek gogor jo dute Mossoen aurka, baztertu dituztela salatuz. Generalitateak ukatu egin du halakorik eta Polizia Nazionalarekin eta Guardia Zibilarekin informazio guztia partekatu duela erantzun du.

Akusazio larriagoak ere badira, esate batera, Kataluniako poliziak salatu duenez, Espainiako Poliziak 2015ean jihadistei ohartarazi zien Mossoak atzetik zituztela.

Horrez gain, Kataluniako Parlamentuak aurtengo urrezko domina Mossoei, larrialdi zerbitzuei eta Bartzelona eta Cambrilseko udaltzaingoei eman die ahobatez. Kexu ugari izan dira Polizia Nazionala eta Guardia Zibilari ere eman ez zaielako. Jordi Turull Generalitateko bozeramailaren esanetan, “domina ematen zaio norbaiti honek ohiko jardueratik aparteko zerbait egin duenean… Badirudi norbaitek ez duela gustuko Mossoek talde terrorista hori bost egunetan eta horren modu ikusgarrian desegin izana”.

Funtsean, bada gai klabe bat polizia eta ikerketa kontu hauetan: Mossoek Europolen egon nahi dute Europako beste poliziekin koordinatzeko eta Espainiako agintariek ez diete uzten. Soraya Sáenz de Santamaria Espainiako Gobernuko lehendakariordearen bidez, Espainiako Gobernuak aditzera eman du Europolek bere arauak dituela eta Mossoak han ez egotea horren ondorio dela. Europoleko bozeramaile Tine Hollevoet-ek laster zuzendu du, esanez estatu bakoitzak erabakitzen zuela Europolen zein polizia izan eta zein ez.

Nazioarteko harremanak. Raul Romeva da Generalitateko atzerri harremanetarako sailburua, nahiz eta Espainiako agintariek karguaren izaera hori ukatu. Atentatuen biharamunean, ostiralez, Romevak hartu zituen Frantzia eta Alemaniako atzerri ministroak aireportuan, hurrenez hurren Jean-Yves Le Drian eta Sigmar Gabriel, hauek informazio bila hurbildu zirenean. Larunbat goizean bildu zen Generalitateko Jauregian Portugalgo Erkidegoetako estatu idazkari Jose Luís Carneirorekin. Eta larunbatean Italiako atzerri ministroarekin, oraingoan bai Alfonso Dastís Espainiako atzerri ministroarekin batera. Bartzelonan diren Kontsul ugarien erreferentzia izan da bera eta atzerriko hedabideetan 30 elkarrizketa baino gehiago egin ditu, horietako batzuetan ministro izendapenarekin.

Atzerriko hedabideak. Atzerriko hedabideek egunotan Generalitateko iturriak izan dituzte aipagai etengabe, haiek baitziren informazioa zabaltzen ari zirenak. Hori ez da oharkabean pasatu eta, katalan independentistek lau haizetara zabaltzen duten gisa berean, hedabide askok aipatu dute Kataluniak estatu izaerarekin erantzun duela egoera gaitz honetan.

Frankfurter Allgemenine Zeitung Alemaniako egunkari garrantzitsuaren esanetan, “Kataluniak Estatu independente baten gisa jardun du”. The New Yorker estatubatuarrak antzeko balorazioa egin du eta harentzat Carles Puigdemont izan da erreferentzia nagusia. The New York Times-ek  azpimarratu du Espainiak ez diola uzten egoten Europolen Kataluniari.

El Pais-ek ostegun honetako editorialean erantzun die: “Generaliatateak eta haren instituzio guztiek bakarrik uler daitezke Espainiako Konstituzioaren demokrazian, gainerakoa demokraziaren aurkakoa da (...)”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bartzelona eta Cambrilseko erasoak
Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


2019-07-16 | ARGIA
Bartzelonako Rambletako atentatuko taldearen burua CNIaren isil-mandataria zen

Público egunkariak hori frogatzen duten dokumentuak argitaratu ditu. Dokumentuen arabera, poliziak zelatatuak zituen atentatuak burutu zituzten gazteak, eta horien ustezko buru Abdelbaki es Satty Espainiako zerbitzu sekretuen (CNI) isil-mandataria zen.


2017-10-22 | Saioa Baleztena
Lola Lopez. Aniztasuna aldarri
"Islamari erasotzeko egiten da emakume musulmanen eskubideen aldeko diskurtsoa"

Bartzelonako Udaleko Immigrazio, Kultura Aniztasun eta Dibertsitate zinegotzia da Lola Lopez (Galizia, 1957) antropologoa. Bizikidetzaren alde eta islamofobiaren kontra ibilbide luzea egin du Kataluniako hiriburuan, eta aurretik Kataluniako Ikus-entzuneko Kontseiluan (CAC) eta... [+]


Biolentzia, bakea bezalatsu, zerbaiten ondorioa da

Kataluniako erasoen ostean, batasun abstrakturako eta –inork ezagutzen ez dituen– Mendebaldeko baloreen defentsarako deiek estali nahi izan dute jihadismo globalari buruzko eztabaida. Sakoneko azterketa saihestu nahian, testuingururik gabeko kontakizun apolitiko eta... [+]


2017-09-03 | Itxaro Borda
Bartzelona: "No en el meu nom"

Freddy Mercury eta Montserrat Caballé irudikatu ditut abuztuaren 17ko gauaren minean, Rambla gainetan eta Cambrilsko itsasertzean, No tinc por bi bozetan kantatzen. Mina hazi zait bihotzaren sakonean: masa hilketen zerrenda emendatzen ari da, Parisko Charlie Hebdo-ren... [+]


Eguneraketa berriak daude