argia.eus
INPRIMATU
Jeingenekoa
“Esnekien eraldaketa gure gain hartu genuen, hain menpeko ez izateko”
  • Etxarri-Aranazko esneki enpresa da Jeingenekoa. 2005ean Aberri eta Urtzi Barandalla Fernandino anaiek baserriari eta gurasoen esne-behi ekoizpenari jarraipena ematea erabaki zuten, baina lan egiteko moduan aldaketa nabarmenak egin zituzten, kanpoko enpresekiko menpekotasuna ahalik eta txikiena izan zedin. “Urte batzuetan kanpoan lanean aritu ondoren, baserritik bizi nahi genuela erabaki genuen, baina ikusten genuen independentzia irabazteko ezin genuela esne guztia zentralera saltzen eta janaria kanpotik erosten jarraitu”, azaldu du Aberri Barandallak. Edurne Albarracin Igoarekin batera, hiruak dira bazkideak, baina guztira hamar bat langile aritzen dira proiektuan, sasoiaren arabera.

Garazi Zabaleta 2023ko urtarrilaren 12a

Ekoizten duten esnearen zati bat zentralei saltzen jarraitzen dute gaur egun oraindik Jeingenekoan, baina beste zati handi batekin euren esnekiak egiten dituzte. “Behi gazta, jogurt naturala, gazta freskoa, esnea, krema zabalgarria eta erruloa, horiek dira egiten ditugun produktuak”, dio Aberri Barandallak. Etxean bertan eraldaketak egiteko gunea eraiki zuten proiektuko kideek, eta astean bi edo hiru egun ematen dituzte lan horretan. Hori izan zen anaiek erreleboa hartzerakoan egin zuten apustu nagusietako bat, baina ez bakarra.

“Gure lurretan behientzako nahikoa bazka sortzea da gure filosofia, kanpoko enpresei ahalik eta gutxien erosi behar izateko eta alor horretan ere dependentzia gutxitzeko”, azaldu du. Dena dela, jasotakoaren arabera moldatzen joan behar izaten direla gehitu du, izan ere, aurtengo lehortearen ondorioz arto eta belar oso gutxi bildu dute, eta urte gogorra aurreikusten dute. Esnetarako behiak etxaldean izaten dituzte, barruan, jezteko makinaria bertan dutelako eta etxalde inguruan behar adinako lursailik ez dutelako. Haragitarako behiak ere badituzte, eta horiek bai, kanpoan izaten dituzte bazkatzen. “Horiek urtearen zati handiena kanpoan pasatzen dute, eta uda partean Urbasara igotzen ditugu”, dio.

Sakanako nekazal mugimenduen parte

Lehen sektorearen eta bereziki esne behien sektorearen egoera kritikoaz jakitun, elkarlanaren alde egiten du Barandallak: “Gure artean elkartzea eta kooperatiba moduko zerbait sortzea bide ona litzateke, gaixotzeko eta oporrak hartzeko eskubidea guk ere izan dezagun. Bestela, zaila da egoera gaur egun, eta gazte bat hutsetik hastea ezinezkoa da”, dio. Bide horretan, Sakanan nekazaritzaren bueltan sortu diren hainbat egitasmotan parte hartzen du Jeingenekoak, hala nola, agroekologiaren aldeko Belardi elkartean edo Sakana Dastatzen ekimenean.

“Gure bolumenak ez dira oso handiak, ohiko kopuruetatik dezente beherago aritzen dira gure behiak, baina kalitatea da gure alde indartsua. Azkenean, gertutasuna dugu oinarri eta banaketa ere guk geuk egiten dugu”, gehitu du. Denda txikietan, jatetxeetan, kontsumo taldeetan eta azoketan saltzen dituzte haien esnekiak, eta Altsasun ere badute esne-hornitzaile bat. “Bakoitzak bere formula eta txokoa bilatu behar ditu”, amaitu du Barandallak.