Esne ekoizleen egoera larria salatuko dute Europako ministroen goi bilerari begira

  • Apirilean Europar Batasunak esnearen kuotak kendu zituenetik sektoreko ekoizleek egoera larria bizi dutela salatu dute. Gaiaz hitz egiteko goi bilera eginen dute astelehenean Batasuneko Nekazaritza ministroek Bruselan. Abeltzainek protestak deitu dituzte.


2015eko irailaren 07an - 11:19
Esnearen produkzio kuotak bertan behera gelditu direnetik esne soberakina sortu da berriz eta prezioek behera egin dute (argazkia: economiadigital.es)

Esnegileek salatu dute industriak esne litroa ekoiztea kostatzen zaiena baino gutxiago ordaintzen diela, eta horrela jarraituz gero sektoreak desagertzeko arrisku handia duela. Lehenagotik ere egoera larria bazen, kuoten desagerpenaz geroztik okerrera egin du, abeltzainen arabera.

Duela 30 urte, 1984an ezarri ziren esnearen kuotak Europar Batasunean. Komunitateko herrialdeen gehiegizko ekoizpenak merkatura aterabiderik ez zuten soberakinak sortu zituen. “Gurin mendiak” eta “esne lakuak” bezala deskribatu zituzten garai hartan soberakin haiek, eta egoerari aurre egiteko sortu zituzten kuotak.

Neurria bertan behera gelditu denetik esne soberakina sortu da berriz eta prezioek behera egin dute. Garikoitz Nazabal EHNEko kideak egoera salatu du Euskadi Irratian: “Ekoizle askok esnea etxetik ateratzeko behar larriak dituztela ikusita, zenbait industria –beren interes propioei bakarrik begiratzen dietenak– aprobetxatzen ari dira baserritarrak estutu eta prezioak jaisteko”.

“Ministro anderea, esnea ez da iturritik ateratzen!”

EHNEk abuztuan egindako prentsaurrekoan salatu zuenez, azken hilabeteetan ohikoa da 0,24 eta 0,28€/litro prezioak jasotzea esneak, ekoizpen kostuak betetzeko prezioa 0,356€/litroan dagoen bitartean.

Sektoreak aurrera jarraitu ahal izateko beharrezko neurriak hartzeko deia egin zuen EHNEk. Ekoizpenaren kontrola egin eta prezio duinak ezartzeko, esne kontratuak betetzeko eta Europako erabakien aurrean bertako politikak bultzatzeko eskaera egin zieten agintariei.

Estatu mailan, protesta jendetsuak

Abuztuaren 24an Leonen hasi eta irailaren 4an Madrilen amaitu zen “martxa txuria” bezala deitutako protesta. Estatuko milaka abeltzainek parte hartu zuten esnearen prezio baxuengatik protesta egin eta gobernuari esnearen prezio minimoa ezartzeko eskaera egiteko. Europako hainbat herrialdeetan jada neurriak hartu dituztela eta, Espainiako Estatuan ere bide hori hartzeko exijitu zuten.

Galizian, aste osoko protesten ondoren, asteburuan manifestazio jendetsuak egin dituzte abeltzainek. Astelehenean Santiagon protesta deitu dute, eta 5.000 traktore baino gehiagok hiria kolapsatzea aurreikusten dute antolatzaileek.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lehen sektorea
2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Esti Besa, ardogintzaz
"Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da"

Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere antzeko neurriak hasi dira agertzen. Baina nola iritsi gara egoera... [+]


2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


Eguneraketa berriak daude