Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera egiteko”. Lortu nahiko luketen beste helburu bat: euskaltzaleak aktibatzea. Liburu ahalik eta ulerterrazena idazten saiatu dira bi egileak.
Liburuaren aurkezpenean, Xabier Mendiguren editoreak eskertu die ikerketa, azterketa eta gogoeta modu dibulgatiboan adierazteko ahalegina. Izan ere, liburuak azken urteotako hiru azterlan garrantzitsu bederen jorratu ditu: Iñaki Iurrebasoren doktore tesia, UEMAk argitaratutako proiekzio demolinguistikoa eta Euskararen Erakunde Publikoak egindako 2030erako proiekzioa. 2023an, ARGIAk Iñaki Iurrebasori elkarrizketa luze eta sakona egin zion doktore tesiaren inguruan (“Hiztunek ez diote bizkar ematen euskarari”, Larrun, 283).
Goikoetxeak azaldu du “obsesionatzeraino” liburu erraza egiten saiatu direla. Euskararen indarberritzeari lotuta, etsipen giro bat dagoela azpimarratu du eta testuinguru horretan euskaltzaleentzako liburu bat idatzi nahi izan dute: euskararen oraingo egoera ulertzeko tresna izan dadin eta euskaltzaleak aktibatzeko balio dezan.
Usteak erdia ustel
Zati askoko liburua da Esnatu ala hil. Egileek gai hauei buruz idatzi dute, besteak beste: euskararen erabilera, hizkuntza gaitasuna, atxikimendua, hizkuntza bilakaerak, sozializazioa eta aldaketa demografikoak. Liburuak badu, ordea, tesi nagusi bat. “Azken hamarkadatan oso errotutako ideiak desmuntatzen saiatu gara”, eta Goikoetxeak azaldu du Iurrebasok doktore tesian jaso duen ideia. Hau da, kontua ez da ezagutzak gora egiten duela eta erabilera geldirik dagoela; alegia, arazoa erabileran dagoela.
Egileen ustez, hutsune handia hizkuntza gaitasunean dago. Euskaraz eroso moldatzen diren hiztunen ehunekoak ez du gora egin. Hiztunen %8 baino ez da moldatzen hobeto euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez baino. Dena den, gaitasunean dituzten ezintasunak kontuan hartuta, hiztunek asko erabiltzen dute euskara. Egileek ondorioztatzen dute euskal hiztunek badutela hizkuntzarekiko atxikimendua, ikusita gaitasunean dituzten gabeziak eta zenbat erabiltzen duten hizkuntza.
Hizkuntza bilakaerari dagokionez, sokatiraren bidez irudikatu du azken hamarkadatan gertatzen ari dena. Indarberritzearen aldeko bi faktore nagusiak eskola eta familia dira. Aldiz, soka bestaldera daramate kaleak, eta ikus-entzunezkoek eta pantailek. Azken bi faktore horien ondorioz etxetik euskaldun direnak gero eta adin txikiagoetan erdalduntzen dira.
Bestalde, Goikoetxeak aldarrikatu du hizkuntza politika desberdinak egin behar direla, hau da, hizkuntza politika nazionalaz gain, lurraldearen ikuspegia kontuan hartuta, ezaugarri soziolinguistiko desberdinak dituzten eremuetara egokitu behar direla politikak.
Irlandaren bidea ez badugu hartu nahi...
Mendigurenek eskatu dio Irlandaz hitz egiteko, liburuan alderatu baitituzte euskara eta gaelikoa. Irlandaren “mamutik” bi gauzak desberdintzen gaituela adierazi du Goikoetxeak: Euskal Herrian arnasgune sendoagoak dauzkagula, eta euskaraz gaztelaniaz edo frantsesez baino hobeto egiten duten hiztun gehiago ditugula. Baina, “Irlandatik bereizten gaituzten bi elementuetan hutsune esanguratsuak dauzkagu”. Eta, beraz, “ez badugu Irlandaren bidea hartu nahi...”, Mendigurenek eman dio azkena: “Hiltzea baino, esnatzea hobe!”.