argia.eus
INPRIMATU
‘Eskumenlagoa’
Mikel Basabe Kortabarria 2025eko uztailaren 18a

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak: "Curriculum-antolaketako modu honek, jakintzagaien diziplina arteko integrazioan oinarritua, aukera ematen du irakaskuntza eskumenlagoa, inklusiboagoa eta testuingurukoalizatuago baterantz aurrera egiteko, eta euskal hezkuntza-sistemaren lehentasunezko ildo estrategikoa da".

Bere itzelean, "eskumenlagoa" anekdota hutsa izan liteke: itzultzaile bat baino gehiago aritu dira testua euskaratzen, horietako batek "konpetentzia" berba erabili du gaztelaniazko "competencia" guztiak itzultzeko, eta testua bateratzeaz arduratu den itzultzaileak, "competencia" horietako batzuk "eskumen" berbarekin ordeztu dituenean, hanka sartu eta ez zegokion bat ere ordeztu du: "konpetentzialagoa" behar zuena, "eskumenlagoa" bihurtu. Anekdota hutsa, beraz. Ala ez?

Bere zatarrean, "eskumenlagoa" hori gure ajeetako baten sintoma da: 2025ean, EAEko Hezkuntza Sailak espainolez sortzen jarraitzen du

Bere zatarrean, "eskumenlagoa" hori gure ajeetako baten sintoma da: 2025ean, EAEko Hezkuntza Sailak espainolez sortzen jarraitzen du. Gero, beharko, gaztelaniaz idatzitako hori, argitaratzekoa denean, euskaratu egiten du. Horrela egin zuen indarrean diren Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumarekin, baita Batxilergoko curriculumarekin ere (bada marka gero: euskara ardatz ei duten curriculumak espainolez sortu zituzten) eta horrela egiten jarraitzen du oraindino ere. Iruditzen zait estrapolazioa zilegi dela, eta Hezkuntza Sail dioenak Eusko Jaurlaritza esan dezakeela: gaztelaniaz sortzen du; argitaratzeko euskaratu.

Normal plantak, beraz. Horixe egiten dute Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak euskararekin. Begia tronpatzeko amarrua itxuratu, kanpotik sendoa delakoan begira diezaiogun dekoratua baino ez den horri.

10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzekoa, honela hasten da: "Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-aginteen esku jartzen dute euskararen erabilera normalizatzera eta garatzera bideratutako neurriak hartzea (…)". Berrogeitaka urte ditu lege horrek, eta Jaurlaritza ez da oraindino euskaraz sortzeko gauza? Ezta hezkuntzaren alorrean ere?

Euskalgintzaren ahotan, oldarraldi judiziala da sasoi honetan askotan entzuten den terminoa. Fronte bat baino gehiagoko oldarraldia da, politiko-judiziala bai behintzat. Azkena, Espainiako Gorenaren epaia, udaletan euskarari lehentasuna ematearen kontrakoa.

Gero eta indar handiagoz kolpatuko gaitu oldarraldiak, gero eta indartsuago daudelako euskararen normalizazioa jomugan duten alderdi erradikalenak.

Bada, harrapa gaitzatela lanean. Euskaraz lanean.