argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturrari Europako bidea erraztu diote Alemaniako epaileek
Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 30a
NDP alderdiko militante bat manifestazio batean. (Argazkia: Getty images)

Europako parlamentuan sartzeko gutxiengo boto portzentajearen muga ezabatu dute Alemaniako epaileek.

Herrialdeko parlamentuko hauteskundeetan %5eko gutxiengo errepresentazio muga zegoen ezarria, baina 2011ko Europako hauteskundeetarako muga hori %3ra jaistea erabaki zuten.

Aurtengo otsailean berriz, %3ko muga “konstituzioaren aurkakoa” dela ebatzi du Alemaniako Konstituzio Epaitegiak.

Epaileek ez dute uste neurri berdinak ezarri behar direnik herrialdeko eta Europako hauteskundeetan. Oposizioko alderdiak eta errepresentazio zabaleko taldeak Alemaniako Parlamentuan egotea bermatu behar bada ere, ez dute irizpide bera ezarri Estrasburgoko Parlamenturako, eta herrialdeak “ordezkaritza sakabanatua” izatea posible izango dela erabaki dute.

Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeen artean biztanle gehien Alemaniak du, 80 milioi. Parlamentuko 751 eserlekuetatik 96 postu dagozkio beraz, eta aurten alderdi nagusien ordezkaritza zabala kolokan egon daiteke.

“Eskuina baino eskuineragoko” alderdiak

Gauzak honela, bozen %1 biltzen duen edozein alderdi egon ahalko da Europako Parlamentuko eserlekuetan alemaniarren ordezkari. Ryonen esanetan erabaki horrek ahalbidetuko du NDP (Alderdi Nazionalista Demokratikoa) bezalako alderdiek –“publikoki neonazi bezala definitzen denak, baina 1964an sortu zenetik bazterrekoa izan denak”– Estrasburgon eserleku bat izatea.