argia.eus
INPRIMATU
Euskal udalekuen aurka eskuinak abiatutako lintxamendua salatu du mugimendu transfeministak
  • Mugimendu transfeministaren ustez, Bernedoko udalekuen inguruko gezurrak hedatu dituzte eskuin muturrak eta sektore erreakzionarioek. “Lintxamendu kanpaina” eta “eraso antolatua” olatu erreakzionario orokorrago baten markoan kokatu dituzte. Sexu-genero disidentzia haurren aurkako erasoekin lotzea salatu dute. Udalekuetako begiraleei elkartasuna eta babesa adierazi diete.

ARGIA @argia 2025eko urriaren 03a
Bernedoko udalekuetako gazteak. Euskal Udalekuak.

Mugimendu transfeministak agiria kaleratu du Bernedoko udalekuen inguruan “abian jarri den lintxamendu kanpaina” salatzeko. 70etik gora taldek sinatu dute adierazpena. Eskuineko prentsa, hainbat politikari eta sare sozialetako erabiltzaile zenbait matxismoa, transfobia, sentsazionalismoa, faxismoa eta arrazakeria “inpunitate osoz” zabaltzen ari direla arbuiatu dute. Bernedoko udalekuetako dutxen eta komunen mistotasuna feminista transbaztertzaileek, eta oro har, sektore erreakzionarioak eta eskuin muturrak aitzakia gisa erabili dutela dio agiriak, “haien mundu ikuskera transfobo eta erreakzionarioa zabaltzeko”. Mugimendu Feministaren, LGTBIQ+ mugimenduaren eta Mugimendu Antiarrazistaren borrokei aipamena egin die agiriak. Idatziak dio luzaroan borrokatu dutela sexuaren eta biluztasunaren inguruan dagoen “moralizazioaren eta puritanismoaren aurka, binarismoaren aurka eta heziketa transfeministaren alde”.

Lintxamendua eta erasoa marko orokorrago batean kokatu dituzte, “ezker-eskuin hedatzen ari den olatu erreakzionario baten” testuinguruan. Euskararen aurkako erasoak eta langile mugimenduaren kriminalizazioa aipatu dituzte, eta gehitu dute, horiek bezala, olatu erreakzionarioaren barne daudela transfobia, misoginia eta arrazakeria, baina “askotan ez zaie garrantzi bera ematen”. Patriarkatua, kolonialismoa eta kapitalismoa erreproduzitzen dituzten eskuin muturrak eta olatu erreakzionarioek eraldaketa sustatu nahi duten mugimenduak “desintegratzea eta desagerraraztea dutela helburu” azpimarratu dute.

Begiraleei, udalekuen inguruko komunitateari eta eraso zuzenak jaso dituztenei babesa eta elkartasuna adierazi diete. Kaleko eta sare sozialetako erasoei erantzuteko prest daudela nabarmendu dute.