Eskuina garaile Frantzian: FN mamua uxatu dute aldi baterako

  • Bigarren itzulia erabakigarria izan da FN geldiarazteko. FNren gorakadari aurre egiteko bi datu: lehen itzulian, hiritarren %50k boza eman zuen, bigarrenean, ia %59k. Hiru milioi bozkatzaile gehiago izan dira bigarren bozaldian. Edonola ere, FNk ia zazpi milioi boz eskuratu ditu.


2015eko abenduaren 14an - 08:45

Inkesten arabera FNko Marine Le Pen burua da 2017rako hauteskunde presidentzialetan bigarren hautagaia. Lehena, Bordeleko Alain Juppé auzapeza, LRkoa. Inkesten arabera, Juppé da Le Penen aurkako lehian herritarren lehen aukera, Sarkozyren aurretik. FNri aurre egiteko Sarkozyren politika moldea ez da eskuineko bozemaileen gehiengoaren gustukoa. Aldiz, ezkerreko hautagaien artean Manuel Valls da lehen aukera, François Hollande presidentearen aitzinetik.  

Dena dela, Nicolas Sarkozyren LR (UDI eta MoDem zentristak lagun) izan da garaile: hamahiru eskualdeetatik zazpitan gobernatuko du. François Hollande presidentearen PSk (Ekologista/Berdeak lagun) bostetan. Marine Le Penen FNk –bizpahiru eskualdetan irabazteko zorian egon da– ez du eskualde bat bera ere gobernatuko.

FN bi eskualdetan nagusitu zen lehen itzulian. Manuel Valls (PS) lehen ministroaren barrage delakoak geldiarazi du ordea. Nord-Pas-de-Calais-Pikardian, hain zuzen, Xavier Bertrand (LR) kontserbadoreak irabazi du bozen %58rekin. Marine Le Pen FNko liderrak berriz, bozen %41,9 lortu ditu.

Provence-Alpes-Cote-d'Azur (PACA) eskualdean ere LR atera da garaile. Christian Estrosik bozen %55,8 jaso ditu. FNko Marion Marechal Le Penek %44,2.

Badago kontuan hartu beharreko datu bat: FN irabaztear izan den bi eskualde hauetan ez dago ezkerreko kontseilari bakar bat ere. Kontseilari guztiak eskuinekoak (LR eta zentristak) eta eskuin muturrekoak dira.

Gainerakoan, eskualde guztiak eskuinaren eta ezkerraren artean banatuak izan dira, Korsikan salbu. Errepublikarrek (LR, zentristak barne) zazpitan irabazi dute, eta bost eskualdetan ezkerrak (Berdeak lagun). Alta bada, egiari zor, Frantzia gobernatzen duen PSk Île de France eskualdea (Paris barne) galdu du. Sarkozyren LR garaile atera da. Eskualde hau berebizikoa da, datorren urteko boz presidentzialetara begira.

Alain Rousset garaile Akitanian

Alain Rousset sozialistak bozen %44rekin irabazi du Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdean. Pirinio Atlantikoetan bozen %47,85 lortu ditu. Ipar Euskal Herrian ere nagusi atera da ezkerreko zerrenda.

Adibide baterako: Baionan, Rousseten zerrendak lortu du boz gehien: %50,61. Virginie Calmels eskuinekoak bozen %33,19 lortu ditu, eta Fronte Nazionaleko Jacques Colombierenak %16,20.

Hendaian eta Angelun ere sozialistak izan dira nagusi, botoen %59,34 eta %44,58 lortuta, hurrenez hurren. Donibane Lohitzunen eta Miarritzen, aldiz, LR-ren zerrendak irabazi du. Donibane Lohizunen, adibidez, eskuinak bozen %45,46 lortu du, eta Miarritzen %46,26. FNk bozen %15 inguru lortu du herri horietan guztietan.

Adierazgarria da, departamenduetako bozetan eskuina gailendu zitzaion ezkerrari. Alain Roussetek bozen joera aldarazi du. Akitanian eta Ipar Euskal Herrian boz erabilgarria garaitu da FNren aurka.

Korsikan, abertzaleak nagusi

Femu a Corsica eta Corsica Libera alderdiek ezustekoa eman dute: Gilles Simeoni Bastiako auzapeza buru duen zerrendak irabazi ditu hauteskundeak. Bigarren itzulian koalizioa osatu dute, eta bozen %36 lortu. Paul Giacobbiren ezkerreko zerrenda atzean geratu da botoen %39rekin, Jose Rossiren eskuineko koalizioa, bozen %25ekin. Adierazgarria da, FN laugarren indarra izan da bertan. Gainerako eskualde guztietan hirugarren indarra izan da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude