argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturreko talde sektario batek ‘Nabarro’ren omenaldia oztopatu du Abarzuzan
  • Eskuin muturreko sekta erlijioso bateko kideek, Deierrin bizi direnek, 1986an erbesteratuen aldeko ekintza batean Hernanin hil zen Fernando Ros Abartzuzako gaztearen omenezko ekitaldiko bidea oztopatu zuten igandean.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2025eko uztailaren 30
Protesta egitera joan dira hainbat ultraeskuindar. Argazkian, haien aurpegia desitxuratuta zabaldu dute, identifika ez daitezen.

Amnistiaren aldeko Gestoretako aktibista gaztearen omenez eraikitako monolitoan duela ia 40 urtetik hona egiten da hitzordua urtero. Monolitoa Andéraz monasteriotik gertu dagoen lursail batean dago, eta duela urte batzuetatik Deierrin eta Gesalatzen bizi diren eskuin muturreko sekta katoliko bateko kide batzuek erosi dute. Hara iristeko haiek erositako lurretatik doan bide batetik pasa behar da eta fundamentalistek hesidun bi barrikada eginez itxi zuten bidea. Ekitaldian parte hartu behar zutenek pasatzeko eskatu zieten, baina hauek ukatu egin zieten.

Guardia Zibila bertaratu zen, fundamentalisten jarrera defendatu eta Ros omendu nahi zutenek beste bide batetik sartu behar izan zuten monolitora. Guardia Zibilak hainbat pertsona identifikatu eta Fernando Rosen lagunetako bat atxilotzeko mehatxua egin bazuen ere, ekitaldia normaltasunez egin zen azkenean.

Talde fundamentalista hori hainbat familiak osatzen dute, horietako batzuk oso ezagunak dira Espainiako ultraeskuinekoak izateagatik, eta Deierrin eta Gesalatzen higiezinen jabetza ugari eskuratu dituzte, haranean alarmak piztuta. Orain arte ez da inoiz horrelako istilurik salatu.