Igandean eginiko bozetan zentro eskuineko PSD alderdia izan da garaile. Chega alderdi ultraeskuindarra hiru udalerritan nagusitu da eta udalerri mailan boterea eskuratzen duen lehen aldia bada ere, bere aurreikuspenetatik urrun geratu da.
Igandean eginiko udal hauteskundeetan 9,3 milioi portugaldarrek 308 alkatetza, beste hainbeste udal batzar eta 3.221 fregesia –antzinako parrokia zibilekin bat datorren udalerrien banaketa da, unitate administratibo txikiena– aukeratu dituzte.
Zentro-eskuina –PSD herrialdea gobernatzen duen alderdi sozialdemokrata kontserbadorea– izan da garailea herrialdeko hiri nagusi gehienetan, herrialdearen eskuineranzko joera berretsiz.
Horrez gain, historian lehen aldiz, Chega eskuin muturreko alderdiak hiru udalen kontrola lortu du: Albufeira, Algarven; São Vicente, Madeiran; eta Entroncamento, Lisboako iparraldean.
Alkatetza kopuruari dagokionez, André Venturak gidatzen duen formazio ultraeskuindarra bosgarren geratu da, Alderdi Komunistaren (12) eta Zentro Demokratiko eta Sozialaren (6) atzetik. Hala ere, Chega hirugarren indar bozkatuena izan da Estatu mailan, etorkinen aurkako diskurtso gogorra erabiliz.
Emaitza hobeak espero zituzten
Bozen biharamunak zapore gazi-gozoa izan du Chegarentzat. Venturak aurreratu zuen alderdiak "zenbait udal-ganbera" lortuko zituela, baina emaitzak bere itxaropenen oso azpitik geratu dira. RTP katean adierazi du "gau ona” izan dela Chegarentzat. “Udal mailan ezartzea eta tokiko erantzukizuna duen alderdi bihurtzea lortu dugu. Ez da, ordea, espero genuena izan". Izan ere, bere helburua 30 alkatetza lortzea zen, eta horretarako bere diputatuen erdiak baino gehiagok bidali zituen tokiko kanpaina babestera.