argia.eus
INPRIMATU
Eskuin muturrak erraz irabazi du Errumaniako presidentetzarako bozen lehen itzulia
  • Gutxienez botoen %40 lortuta, George Simion AUR alderdiko buruak bikoiztu egin du bigarren indarraren babes kopurua. Europako Batasuna "diktadura bat" dela aipatu du Simionek behin baino gehiagotan, eta Errumaniak Ukrainari emandako laguntza etetearen alde agertu da. Auzitegi Konstituzionalak aurreko bozen emaitzak baliogabetzeak nahiz sozialdemokratek eta liberalek osatutako koalizioak ez dute saihestu eskuin muturraren garaipena.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 05
George Simion AUR eskuin muturreko alderdiko buruak erraz irabazi ditu Errumaniako presidentetzarako bozak. Louisa Gouliamaki / Reuters

Inkesta guztiek bere garaipena iragartzen bazuten ere, aurreikusitakoa baino tarte handiagoa atera die AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza eskuin muturreko alderdiak beste hautagaiei igandeko Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetan: herrialdetik kanpo bizi diren errumaniarren botoak aintzat eduki gabe, Nicusor Dan hautagai independenteak botoen %20,97 lortu ditu, eta Crin Antonescu liberalen eta sozialdemokraten arteko koalizioaren hautagaiak, berriz, %20,18. Azken bi horietako bat lehiatuko da Simionekin maiatzaren 18an egitekoak diren bigarren itzulian, hautagai bakar batek ere ez baititu botoen %50 edo gehiago lortu.

Nagusiki kristautasuna, familia eta nazioa goraipatu ditu Simionek hauteskunde kanpainan zehar. Errumaniak Bigarren Mundu Gerra aurretik zituen lurraldeak berreskuratzearen alde egin du, eta, hortaz, Moldavia Errumaniara anexionatzearen alde. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkari dagokionez, Errumaniaren "neutraltasuna" argudiatuta Kieveri laguntza militarra etetea defendatu du. Haren ustez Europako Batasuna egun "diktadura bat" da, baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea babestu du.

Eskuin muturraren gorakada saihestu ezin

Errumaniako alderdi ofizialistek nahiz herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak ezin izan dute eskuin muturraren gorakada saihestu. Izan ere, azaroaren 24an burutu zen presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia, baina epaitegiak baliogabetu egin zuen Calin Georgescu eskuin muturreko hautagaiak lortutako garaipena –botoen %22,9 eskuratu zituen–. Georgescuren sare sozialetako kanpaina Errusiaren laguntza izan zuela ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak, eta bozak errepikatzea agindu zuen.

Azaroko hauteskundeeak eskuin muturrak Errumanian izan duen gorakadaren isla izan ziren. Gorakada hori eteteko asmoz Alderdi Sozialdemokratak, Alderdi Nazional Liberalak eta Errumaniako Hungariarren Batasun Demokratikoak koalizioa osatu dute igande honetako bozetarako, baina ez da nahikoa izan Simionen garaipena saihesteko. Botoen zundaketa oraindik amaitu gabe, koalizioa bigarren itzulira heltzeko lehian murgilduta dago Dan hautagai independentearekin.

Gobernatzeko ezintasuna

Presidentetzara iritsiko balitz ere, herrialdea gobernatzeko zailtasun ugariri aurre egin beharko lieke Simionek. Izan ere, azaroko presidentetzarako bozak baliogabetu ostean, legebiltzarreko hauteskundeak egin zituzten abenduan. AUR alderdiaren gorakadaren aurrean sozialdemokraten eta liberalen koalizioak gehiengoa galdu bazuen ere senatuan eta parlamentuan, herrialdeko egungo lehen ministroa Marcel Ciolacu sozialdemokrata da. Simionek ezingo luke Ciolacu kargutik kendu, horretarako parlamentuaren gehiengoaren babesa behar baitu, eta sozialdemokratek, liberalek, zentroko nazionalistek, Hungariarren Batasun Demokratikoak eta gutxiengo etnikoak biltzen dituzten alderdiek eserlekuen %65 dituzte.