Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu "eskubide sozialen murrizketa" salatzeko

  • "Murrizketa hauek dira Babes Sozialerako sistema eraisten ari direnak. Gero eta jende gutxiago babesten du eta prestazio gero eta baxuagoak eskaintzen ditu", salatu dute. Pobrezia sortzen duena prekarietatea dela azaldu dute.


2017ko maiatzaren 30an - 12:34

Eskubide Sozialen Kartak maiatzaren 29an elkarretaratzea egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, mobilizazioak iragartzeko. Ekimen hauek, 31n Beatriz Artolazabal EAEko Enplegu eta Gizarte Polotiketako sailburuak Legebiltzarrean egingo duen aurkezpenaren testuinguruan kokatu dituzte: "Diru sarreren bermerako eta inklusio sozialerako sisteman egingo duen erreformaren neurriak iragarriko ditu 31n. Neurriok, orain arteko ildoari jarraituz, prestazioak jasotzeko baldintzen gogortzea ekarriko dutelakoan gaude, zoritxarrez. Azken urteetan etengabeko erasoak jaso ditu babes sozialerako sistemak. 2012az geroztik, aurrekontuetan %7ko murrizketa pairatu dugu eta gainera eskuratzeko baldintzak gogortu dira. Eta azken neurria, Gutxieneko Soldatarekin batera DSBE (diru sarrerak bermatzeko errenta) %8 ez igotzea izan da".

Bideoan ikusentzun daiteke argumentazio osoa:

Enplegu prekarioak sortutako pobreziaren datuak

"Gizartearen zati zabalegiak ezin ditu bere ongizatea babesteko gutxieneko baliabide ekonomikoak eskuratu. Bizi-baldintza oso kaxkarretan bizi diren pertsonak dira, ez kriminalak", diote kaleratutako bideoan. Eusko Jaurlaritzaren inkestaren datuak ematen dituzte. Horren arabera, ia 60.000 herritar bizi dira pobrezia egoeran eta hauek ez dute DSBE kobratzen. Pobrezia egoera gero eta zabalago hau lan baldintzen prekarizazioaren ondorio dela diote bideoan. "Langile prekarioek ez dituzte beharrezko diru-sarrerak lortzen eta behartuta daude prestazio sozialak eskatzera. 12.321 langile dira DSBE kobratzen dutenak, DSBEren hartzaileen %20". 15.706 pentsionistak ere bizi baldintza duinak izateko DSBE kobratu behar dutela azaldu dute: DSBEren hartzaileen %30. "Beraz, DSBE jasotzen duten herritarren %50en arrazoia ez da enplegu falta, baizik eta enplegu prekarioak diru-sarrera nahikoak bermatzen ez dituela eta pobreziara kondenatzen dituela".

"Erantzuleak"

"Pobrezia ez da krisiaren ondorio naturala. Lan-baldintzen kaskartzeak eta zerbitzu publikoak eraisteak, politika neoliberalaren logikari eta helburuei erantzuten diete, zeinak pobrezia behar duen eta pobrezia eragiten duen kapitalaren irabaziak handitzeko" salatu dute. Patronalak eta lan erreformak lan baldintzak okertzeko baliatzen dituztenak "pobreak sortzen" ari direla seinalatu dute. Eta pobrezia egoera hori "betikotzen" dutela adierazi dute "babes soziala eraitsi edota murrizten duenak eta erabiltzaileak kriminalizatzen dituenak".

"Babes sozialerako sistema publiko, duin eta kalitatezkoa" eskatzeko mobilizazioak

"Alternatiba" badagoela adierazi dute, eta ezaugarri hauek dituela aldarrikatzen duten babes sozialerako sistema publiko eta duinak: "Murrizten ez den sistema, bizi egitasmo aske eta autonomoak garatzea ahalbidetzen dituena, kalitatezkoa...". Hori eskatzeko mobilizazioak deitu ditu Eskubide Sozialen Kartak, "murrizketak aplikatzen dituzten politiken aurrean eta emergentzia sozial zein pobrezia egoera orokortuari buelta emateko". Mobilizazio bakoitzean gizarte eragile batzuk izango dira ardatza:

- Ekainaren 5ean Donostian: Pentsionista elkarteek deituta.

- Ekainaren 14an Donostian eta Bilbon: Erabiltzaileen elkarteek deituta.

- Ekainaren 22an Bilbon: Mugimendu feministak deituta.

- Ekainaren 29an Donostian, Bilbon eta Gasteizen: Sindikatuek deituta (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, Hiru).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskubide sozialen karta
Trantsizio ekosozialaz hausnartzeko topaketak antolatu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Su txikien itsasoa deituriko topaketak antolatu dituzte irailaren 30erako Ozaetan (Araba). Gizarte mugimenduko eragile guztiei luzatu diete gomita,  "harremanak estutzeko", "sinergiak sortzeko" eta elkarren arteko "zoru komun eta erronken"... [+]


2023-06-15 | Hala Bedi
Trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatzeko hitzordua proposatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Irailaren 30ean Ozaetako GaraiON Sorgingunean "Su Txikien Itsasoa" ekimena burutko dute, konfluentzia espazio izan nahi duena. Eragile ezberdinen arteko aliantzen garrantzia nabarmendu dute.


2022-12-22 | Ahotsa.info
Nafarroako 2023rako aurrekontuek ez diote gizartearen pobretzeari aurre egiten, Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez

Eskutitza osatzen duten erakundeek kontzentrazioa egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Aurrekontu hauei ez! Pobretzearen aurrean, erreforma fiskala lelopean.


2022-11-21 | Lide Iraola
Eskubide Sozialen Karta
Aberastasunaren banaketa exijitu dute milaka lagunek, eragile sozial anitzek deituta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, manifestazioak egin dituzte larunbatean Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen. 15.000 lagun baino gehiago bildu dira, eta aberastasunaren banaketa, bizitza duinak eta prezioen kontrola exijitu diete Eusko Jaurlaritzari... [+]


2022-11-11 | ARGIA
2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezian, eta urriagoak dira zerbitzu sozialak Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez

Eskubide Sozialen Kartak deituta diru sarrera duinen aldeko ekimena egin dute Bilbon eta Iruñean. 1.400€ko gutxieneko soldatak eta 1.260€ko gutxieneko pentsioak exijitu dituzte. Adierazi dutenez, 2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezia egoeran... [+]


Eguneraketa berriak daude