Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eskubide berdintasuna eta kultura aniztasuna aldarrikatu ditu asteazkenean Migranteen Nazioarteko Egunaren harira. Atzerritarrak babestu eta laguntzeko dei egin du.
Ekitaldian izan dira immigranteen elkarteak eta atzerritarrei bizimodua erraztu asmoz lanean dabiltzan gainerako organismoak ere.
Lehenengo aldia da Urkulluk gisa honetako ekitaldi batean parte hartzen duena, El Pais egunkariak argitaratu duenez.
Euskaldunek badakite emigratzea zer den
Lehendakariak esan du euskaldunek badakitela zer den etorkina izatea: “Egoera historikoek sarri eraman dute euskalduna emigratzera, esaterako, esploratzaile, kolonizatzaile, misiolari, iheslari edo ekintzaile bezala”.
EAEko buruak uste du immigrazioa Euskadirentzat “aukera bikaina” dela. “Itxaropenez eta esker onez hartu behar dugu beste herrialdeetako jendeak Euskadin bizi nahi izatea”, esan du.
Urkulluren ustez immigrazioarekin lotutako politika publikoetan berdintasunaren alde lan egin behar da: “Eskubide eta askatasuna murrizten duten legeak aldatu behar ditugu, politika publikoak berdintasunez eta aniztasunez josiz”.
Euskara tresna integratzaile gisa
Lehendakariak azpimarratu du euskara “integraziorako eta kohesio sozialerako” erreminta ona izan daitekeela.
Gaineratu du, Instituzio eta gizarte mugimenduei esker oraino ez dela gatazkarik sortu elkarbizitzan eta aurrerantzean ere horrela izatea nahi duela.
Horretarako, “gizarte anitz eta integratzailera” eramango gaituen akordio zabal baten beharra azpimarratu du. “Atzerritarrak ez dira beste batzuk gure artean, gure horren parte baizik”, esan du.