Boubacar Dioufek, Mbolo Moye Doole Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen elkarteko kideak, Bilboko kaleetan arrazakeria eta abusu poliziala areagotu direla adierazi du.
Mbolo Moye Doole esaerak “batzeak indartzen gaitu” esan nahi du wolof hizkuntzan, eta Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen kolektiboaren izena ere bada. Boubacar Diouf eragile horren parte da 2017tik. Senegalen 12 urtez arraste-arrantzako ontzi batean aritu zen eta, 2012an lana galdu ondoren, Euskal Herrira etorri eta Getxo eta Bilboko kaleetan zazpi urtez lan egin zuen. Eguneroko egiturazko arrazakeriari aurre egiteko sare bat aurkitu du Mbolo Moye Doole elkartean.
Nolakoa da Bilboko kaleko saltzaileen egunerokoa?
Azken bolada honetan, egoera nahiko korapilatsua da, polizia beti atzean dagoelako, udaltzainek zehatz-mehatz baitakite non jartzen duten manta, eta beti joaten dira. Alde Zaharrean ibiltzen dira beti: elizatik etorri, gelditu eta bueltaka ibiltzen dira. Eta horrela jendeak ezin du lasai saldu. Europara iristen garenean zailtasun handiak ditugu, ilegalak garela esaten dutelako, ez dugu lan-baimenik. Baimen hori gabe, inork ezin gaitu kontratatu. Egoera horretan, kalea baino ez dugu; horregatik, senegaldar gehienok kalean egiten dugu lan bizirauteko, kalez kaleko salmentaren edo top mantaren bidez. Kalez kaleko salmenta datza saltzaileek beren salgaiak kalean eskaintzean eta tabernaz taberna edo herriz herri ibiltzean. Top manta delakoan produktuak lurrean jartzen ditugu salgai, mantaren gainean. Kolektiboak manteroak zein kalez kaleko saltzaileak babesten ditu. Ni Erromo eta Areetan hasi nintzen kalez kale gauzak saltzen.
Eta gero Bilbora, Alde Zaharrera, etorri zinen, ezta?
Bai, mantan bufandak eta beste gauza batzuk jartzen nituen, eta salmentarik ez zegoela ikusten banuen, hartu eta kalez kale ibiltzen nintzen. Behin baino gehiagotan gurutzatu izan nintzen poliziarekin eta produktuak hartu zizkidaten. Beraz, kalez kale saltzen hasi nintzen: eskumuturrekoak, diru-zorroak, bufandak… Kalez kaleko salmentan espazio publikoa okupatzen ez duzunez, arazo gutxiago jartzen dizkizute, baina poliziarekin gurutzatzen bazara, materiala ere ken diezazuke.
Zer ondorio du manteroentzat eta kalez kaleko saltzaileentzat poliziak material hori kentzeak?
Handizkako erosketak egiten ditugu eta salduz goaz. Lehendabizi dirua jarri ohi dugu. Erosi eta saldu egiten dugu, eta irabaziak guretzat dira. Materiala kentzen digutenean galera izugarria da, aurretik ordaindutako materiala delako. Jendeak, batzuetan, oso azkar epaitzen gaitu ezjakintasunagatik, eta esaten digu ez duela erosi nahi atzean dagoenagatik, eta esaten dit: “Dirua oparituko dizut, baina ez dut erosi nahi”. Nik esaten dut lan egin nahi dudala, saldu, eta, mesedez, ez epaitzeko edo ez asmatzeko istoriorik. Ez da erraza lan bat aurkitzea eta aurkitzen diren lanak oso prekarioak dira, hemengo jendeak nahi ez dituen lanak. Lan horietako asko fisikoak dira, eta esaten dute pertsona beltzak indartsuak garela eta lan jakin batzuetarako balio dugula, adibidez, itsasoan, obran edo landa-eremuan lan egiteko.
“Materiala kentzen digutenean galera izugarria da”
Nola iritsi zinen Mbolo Moye Doole elkartera?
2015ean iritsi nintzen Euskal Herrira, eta 2017an hurbildu nintzen elkartera. Kaleko saltzailea nintzen eta sare hori behar nuela eta nik ere ekarpena egin nahi nuela sentitu nuen. Hemen lan egiten zuen mantero talde batek sortu zuen elkartea. Helburua saltzaileen eskubideak defendatzea eta borrokatzea zen eta da. Oso zaila da erakundeen aurka borrokatzea, baina beharrezkoa da gure eskubideak defendatzea eta, aldi berean, kaleko salmenta uzteko zer lan-irteera izan ditzakegun ikustea.
Zer aurkitu izan duzu espazio horretan?
Sare bat egunerokoari aurre egiteko, ilegaltzat ninduten, ez nuelako paperik. Gure alde borrokatzen duen espazio bat aurkitu dut, eta militantziari eta mantero gisa ditudan eskubideei buruz gehiago jakiteko aukera eman dit. Une batean kooperatiba bat ere egin nahi genuen, kalean salduz lan egiten duen jendeari lan-irteerak emateko. Azkenean ezin izan dugu, ez geneukalako paperik eta administratiboki eduki behar genituelako. Argia aldizkariarekin “Inor ez da ilegala” markaren lankidetza atera genuen finantziazioa lortzeko. Pandemian erresistentzia-kutxa bat sortu genuen eta egoera oso zailetan zegoen senegaldar komunitateari laguntzeko ere erabili genuen.
Nolakoa da harremana kaleetan dabilen jendearekin?
Denetarik dago, baina tratua ona izaten da erostera hurbiltzen diren pertsonekin. Batzuetan jende gogaikarriak prezioa galdetzen dizu eta gutxiago ordaintzen saiatzen da… Nekagarria da hori, dendetan ez direlako saiatzen regateoa egiten eta gehiago ordaintzen dutelako. Prezioa jaitsi behar diegula sentitzen dute, gugan boterea balute bezala. Merkatari batzuek, produktu bera saltzen badute, poliziari deitzen diote. Poliziak esan ohi du deitu dietela, baina hori ez dakigu. Udalak ez du nahi gu kaleetan egotea. Penagarria da orain egiten ari direna: manteroak gelditu, ezustean heldu, materiala kendu, batzuetan manteroak eraman, edo poltsikoak miatu eta dirua eta objektu pertsonalak kendu. Gero ez da beti dena agertzen txostenean: materiala jartzen dute, baina dirua ez dute jartzen. Diru hori askotan ez da agertzen. Hori lapurreta da eta ezin da justifikatu. Badira, baita ere, beren etxeraino edo gauzak dituzten lokaleraino jazarri dituzten lagunak, gauzak kentzeko.
Zergatik uste duzu handiagoa dela orain poliziaren errepresioa?
Gora egin du iazko apirilaren 4tik, Abandon bufandak eta kirol-kamisetak saltzeagatik izandako liskarraren ondoren, gabarrarena izan zenean. Manteroek biziraun nahi dute beren materiala salduz eta egoera zaurgarrian daude: batzuetan egun osoa pasatzen da eta ez duzu ezer saldu, polizia dator eta ez diozu zure materiala eman nahi, bizirauteko bidea delako. Egun horretan errefortzuak eskatu zituzten, polizia asko etorri ziren. Lankide bati, adibidez, jo eta mugikorra apurtu zioten. Askori gauza pertsonalak kendu zizkieten, eta, nire ustez, ez dute eskubiderik ez objektuak ez dirua kentzeko. Egun horretatik aurrera jazarpena areagotu egin da. Batzuetan automatikoki etortzen dira indarrez, eta horrek beldurra eragiten du. Lankide batek egun batean aurrezki guztiak zeramatzan gainean kasualitatez: bere etxean ez zuen non utzi, jende ezezagun askorekin bizi zelako eta bankuan konturik ez zuelako, eta diru hori guztia eraman zuten poliziek. Beste lagun bati etxean sartu, gauzak apurtu eta dirua eraman zioten.
Egoera horien aurrean, kalean dagoen jendearen babesa sentitzen duzue?
Batzuek lagundu egiten digute eta poliziari esaten diote lan egiten uzteko, ea ez duten ezer hoberik gure atzetik ibiltzea baino. Baina beste batzuek uste dute poliziak ondo egiten duela, dena kendu behar digutela tasarik ordaintzen ez dugulako. Batzuek arriskua hartzen dute eta laguntzen digute, edo grabatzen dute… nahiz eta badakiten arazoak izan ditzaketela. Guk lan egin nahi dugu, hona iristean bizitza mugatzen diguten legeekin egiten dugu topo, bizirauteko dugun bidea debekatu nahi digute, eta ez dago alternatiba askorik. Europarrek beste erraztasun batzuk dituzte migratzeko, eta guri oztopo asko jartzen dizkigute eta biziraun nahi dugu. Gustatuko litzaiguke babes eta enpatia hori sentitzea, jendeak poliziari eskatzea guri indarkeriaz zuzentzeari uzteko. Beltza ez den jendearekin ez dute berdin jokatzen. Talde britainiarrek Bilbon maiatzaren 21ean jokatu zuten futbol finalean [Europa League] ikusi dugu, zaleek istiluak sortu zituzten eta ez zen ezer gertatu. Argazkiak eta bideoak oso lagungarriak dira sareetan zabaltzeko eta informazioa jende gehiagorengana iristeko. Edo etortzen direnean abisatu, denbora galarazi edo autoa moteldu. Baina, adibidez, Ainara, 2023ko abuztuaren 9an mantero bati laguntzen saiatu zen neska, ekainaren 3an epaituko dute [elkarrizketaren unean epaiketa oraindik ez zen egin], 3.000 euroko isuna jarri nahi diote eta ia lau urteko kartzela-zigorra. Oso triste jartzen nau horrek, dena oso konplikatua dela sentiarazten digulako eta poliziaren boterea ikusarazten digulako.
“Oztopo asko jartzen dizkigute eta biziraun nahi dugu”
Zer erantzun eman dizue Udalak hitz egitera joan zaretenean?
Udalarekin elkarrizketa batzuk hasi genituen, baina hor geratu zen dena, orain ez dago harremanik. Ez dute honetan busti nahi. Gu ere hemengoak gara, hemen bizi gara eta entzun egin beharko ligukete. Oro har, manteroek, iristen direnean, arazo asko izaten dituzte erroldarekin eta etxebizitza eskuratzearekin: oso garestia da bizitzea eta etxe-agentzietan arrazakeria izugarria dago, askotan jende ezagunaren bitartez bakarrik alokatu dezakegu. Horrek prozesua zailtzen du, eta denbora daramagu errolda soziala eskatzen, beste kolektibo batzuekin batera. Duela aste batzuk Erroldaren Korrika egin genuen: 700 lagun korrika egin genuen Errekalden, erroldatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Bilboko jaiak hurbildu izan diren bakoitzean, Udalarekin bilera bat izaten saiatu gara, Aste Nagusiko egun horietan saltzeko gune seguru eta lasai bat izateko, edo ordutegi tarte bat izateko, beti baitago errepresio polizial handia. Festaren parte ere bagarela sentitu nahi dugu. Apirilaren 4aren ondoren bi bilera egin ditugu, gertatutakoa berriro gerta ez zedin, baina errepresioa areagotu egin da.
Bilboko azken jaietan ere izan ziren polizia-abusuen kasuak?
Lehenengo egunean eta azken egunean, Areatzako zubian. Jendea etorri zen eta gure alde egin zuen poliziak alde egin zuen arte. Ordubete eman zuten han. Babes hori oso garrantzitsua izan zen. Udaletik esan digute legez kanpokoa dela egiten duguna eta poliziak bere lana egin behar duela, baina kalean lan egiten duen jendeak lan egin behar du bizirauteko.
“Inor ez da ilegala” da, hain zuzen ere, ARGIArekin egindako kanpainaren leloa.
Beti ateratzen den esaldia da. Nik uste dut entzun nuen lehen aldia Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen manifestazio batean izan zela. Mundu guztiak legezkoa izan beharko luke. Neokolonialismoak, inperialismoak eta mugek legeak sortzen dituzte. Lege hauek oso arrazistak dira. Manifestazioetan edo zerbait gertatzen denean, lelo hori oso gogor oihukatzen dut, urrutira irits dadin, jendeak jakin dezan guztiok berdinak garela eta eskubide berberak izan beharko genituzkeela, edozein dugula sorterria. Pertsona bat lurralde batean sartzen denean, hemengo eskubide berak izan behar ditu. Denek izan behar dute bizitzeko lekua, eta ez da horrela. Etxerik ez badugu, ez dugu erroldarik, erroldarik ez badugu, ezin dugu gure egoera erregularizatu. Gu baztertzeko moduak dira, erakundeek beti bazterrean uzten gaituzte, beti beste modu batera identifikatu nahi gaituzte eta sistematik kanpo utzi.
“Bilbo hiri turistikoa izateak kalte egiten digu manteroei eta auzoko beste jende askori”
Eta kaleetatik kanpo.
Udalak errolda sozialekin lagundu beharko liguke logela bat aurkitu eta bertan erroldatu arte. Baina uste dut ez dituztela manteroak kaleetan nahi, Bilborako nahi duten hiri ereduagatik. Esaten digute merkatariek deitzen dietela, baina inkestak egin dira merkatarien elkartearekin, eta erantzunak ez datoz bat poliziaren bertsioarekin. Beraz, ez dakigu zer gertatzen den. Bilbo orain hiri turistikoa da, egunero ikusten dugu: turista asko dago, pisu turistikoak… Eta horrek dena igotzea eragiten du: alokairuak eta prezioak, oro har. Kalte egiten digu manteroei eta auzoko beste jende askori.
Zer sare dituzue beste kolektibo batzuekin?
Beste erakunde batzuen babesa sentitu dugu. Manteroekin Bat plataforma sortu zen 2024ko apirilaren 4an. Plataforma horretan daude Bilboko Konpartsak, SOS Arrazakeria Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Emigrad@s Sin Fronteras eta babesa eman diguten beste hainbat kolektibo. Manteroen beste kolektibo batzuekin ere sarea indartu nahi genuke, adibidez, Bartzelonakoarekin. Gure hizkuntzan, wolof, Mbolo Moye Doole esaerak esan nahi du batzeak indartzen gaituela, eta garrantzitsua da hori: batzea. Bai gure elkarteko pertsonen artean, bai beste kolektibo batzuekin.