argia.eus
INPRIMATU
Eskubaloiko epaile bat salatu dute adingabe bati eraso egiteagatik Laudioko Granja kiroldegian
  • Larunbatean izan da gertakaria eta epailea Laudio Eskubaloi Klubeko entrenatzailea zen. Kirol erakundeak berehala bota du. Ertzaintzak deklarazioa hartu dio ustezko erasotzaileari jadanik.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2024ko otsailaren 05a

Larunbatean eraso matxista berria salatu dute Laudion. Izan ere, Granja kiroldegian mutilen kadete taldeak jolastu du eta, testuinguru horretan, partidaren epaileak adingabea den neska bati zaplaztekoa eman dio ipurdian, "inolako baimenik gabe", Laudio Eskubaloi Klubak azaldu duenez.

Klubeko arduradunek eurek eman dute erasoaren berri eta jakinarazi dute berehala esku hartu dutela. Horrela, eraso matxista jasan duen neska zein familia animatu dituzte gertakaria salatzera eta hala egin dute.

Ondorioz, Ertzaintzak kirol azpiegiturara jo du eta deklarazioa hartzeko eraman du erasoaren ustezko egilea.

Epailea Laudio Eskubaloi Klubeko entrenatzailea zen eta kirol erakundeak berehala kanporatzea erabaki du. Halaber, klubak horrelako jarrerak gaitzetsi ditu eta salatzeko deia zabaldu du.