Eskoziarrek Erresuma Batuaren parte izaten jarraitzea erabaki dute, azken zenbaketak egiten ari direla. Barruti baten faltan, %45 independentziaren alde eta %55 aurka. Parte hartzea oso altua izan da, %85etik gora. Glasgown independentziaren aukerak irabazi duen arren, barruti gehienetan ezezkoak irabazi du.
Salmondek emaitzak onartu ditu
Salmondek adierazi du %86ko parte hartzea politika demokratikoaren garaipena dela, baita 16 eta 17 urteko herritarrei bozkatzen uztea ere. Emaitza onartzen duela eta Eskoziaren interesen alde lanean jarraituko duela. Alderdi unionistei gogorarazi die ezezkoak irabazten bazuen Eskoziari eskumen gehiago emango zizkiotela hitz eman zutela, eta hau betetzea espero duela.
1.6 milioi boto baiezkoak. "Eskoziak oraingoz herrialde independente ez izatea erabaki du", adierazi du Salmondek. Politikarekiko interesik izan ez zuen komunitateko esparru ugaritara heldu dela kanpaina aipatu du, eta politikan sartu zenean ez zuela sekula pentsatuko horrenbeste jendek emango zuenik independentziaren aldeko bozka. "Independentziaren aldeko masa mugimendua ikusi zutenean, Westminstergo establishment-ak beldurra sentitu zuen".
David Cameronen erreakzioa
Erresuma Batuko lehen ministroak independentziaren aurkako kanpainako burua zoriondu du. Cameronek dio oso pozik dagoela eskoziarren gehiengoak Erresuma Batuaren parte izaten jarraitzea erabaki dutelako. Erreferenduma nahi zuela dio, "erabaki handiak konfrontatzeko modurik egokiena da, eta ongi zegoen galdera egitea". Orain gai hau belaunaldi batez atzeratzen da, Salmondek hitz eman zuen bezala.
Sare sozialetan adierazi du Salmondekin ere hitz egin duela, eta pozten dela SNP deboluzioaz edo eskumen gehiago jasotzeaz hitz egiteko prest delako. Izan ere, emaitzak jakin eta gutxira, eskumen gehiago hitz eman dizkie Eskoziaz gain, Gales, Ingalaterra eta Irlanda Iparraldeari ere. Eskozian independentziaren alde bozkatu dutenei ondorengoa esan die: "Entzun zaituztegu".
I've just spoken to Alex Salmond, congratulating him on a hard-fought campaign. I'm delighted the SNP will join talks on further devolution.
— David Cameron (@David_Cameron) September 19, 2014
