2007tik 2014ra bitartean Eskoziako lehen ministro izandako Alex Salmond Edinburgoko epaitegietan izan da asteazkenean. Hamar emakumeri hamalau sexu eraso egin izana egozten diote, tartean bi bortxaketa saiakera. Martxoaren 9an hasiko da epaiketa.
Leporatzen dizkioten delitu guztiak 2008 eta 2014 urte artean egindakoak dira, Eskoziako lehen ministroa eta SNP alderdi independentistako burua zela. Akusazioen artean bi bortxaketa saiakera daude. Eraso gehienak Eskoziako lehen ministroentzat egokitutako etxebizitza ofizialean bertan, Bute House delakoan, gertatutakoak dira. Akusazio guztiak ukatu ditu Salmondek.
Salmonden ibilbide politikoa
Bitan izan da Eskoziako alderdi sozialdemokrata eta independentistako buru. 2007an agintera eraman zuen eta 2014ra arte Eskoziako lehen ministro izan zen. Urte horretan independentziari buruzko erreferenduma galdu ostean kargua utzi zuen. Ordutik Nicola Sturgeon alderdikidea da Eskoziako lehen ministroa. 2015ean Westminsterren parlamentari izendatu zuten, 2017an eserlekua galdu arte. Sexu erasoak direla eta, haren aurka zabaldutako prozesu judizialean irregulartasunak salatu zituen 2018an eta Eskoziako gobernuaren aurka ekinbide legalari ekin zion. Une horretan SNP alderditik baja eman zuen.