Eskoriatza-Eskibel jauregian eta ondoko pilotalekuan kokatu nahi dute Gasteizko Kafe Antzokia

  • Gasteizko Kafe Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian eta atzean dagoen parkean eta Auzolana pilotalekuan kokatu nahi du Udal Gobernuak. Teknikariek lau kokapen posible aztertu dituzte.


2016ko uztailaren 15an - 17:23
Gasteizko Eskoriatza-Eskibel jauregia. (Arg.: Arabako Alea)

Eskoriatza-Eskibel, Falerina lorategian, Montehermoso jauregiko Ur biltegia eta Etxauri plazan eta horien artean, Frai Zacarias kaleko jauregia kokatzen den blokea lekurik aproposena dela ondorioztatu du, ondare eraikia berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta egin beharreko inbertsioaren gizarte errentagarritasunagatik. Gaur goizean Gorka Urtaran alkateak Santa Maria Katedrala Fundazioak egindako azterketa aurkeztu die udal talde politiko guztiei eta Euskararen Etxeko kudeatzaileei. Sei adituk osatutako talde bat (Fundazioaren zuzendari tekniko Leandro Camara arkitektoaren zuzendaritzapean) Gasteiz Antzokiaren kokalekuari buruzko txostena lantzen aritu da azken hilabeteetan, Udalak aginduta.

Lau aukerak banan-banan aztertu ondoren, Eskoriatza-Eskibelen etxadia hautatu du, hau da, jauregia bera eta ondoan kokatzen diren lorategia eta pilotalekua. Lursailak ekipamendu publikoaren, espazio librearen eta garajearen kalifikazio urbanistikoa du. Gaur egun, eraikitako zatiak antzinako ostatua (620 metro koadro hiru solairutan) eta jauregia bera (2.700 metro koadro eraiki hiru solairutan banatuta) hartzen du. Horri pilotalekua dagoen orubean (orain antolamendutik kanpo) eta ondoko lorategiaren zati batean lau solairutan eraiki litezkeen 1.500 metro koadroak gehituko litzaizkioke. Erdi Aroko hiriguneko Birgaitze Integraturako Plan Bereziak lursail horretan baimentzen duena hau da guztira: 5.260 metro koadroko aprobetxamendua sestra gainean eta 1.390 metro koadro sestra azpian (ibilgailuak aparkatzeko erabil daitekeena, bi solairutan).

Euskararen Etxea, Eskoriatza-Eskibel jauregian

Besteak beste, ikuskizun aretoa eraikin berri batean jartzea proposatzen dute, orain pilotalekua dagoen espazioaren eta berdegunearen zati baten gainean. Aretoaren eranskinak eta jatetxe eremua antzinako ostatuan joango lirateke. Bestetik, Euskararen Etxea gerora Eskoriatza-Eskibel jauregian instalatzea proposatzen dute.

Teknikariek azaldu dutenez, altuera bikoitzeko bi solairutako eraikina altxatu nahi dute: bat ikuskizun aretorako, eta beste bat pilotalekurako edo auzoko bizilagunentzako beste erabileraren baterako. “Hartara, eraikinak funtzio gehiago izango lituzke, erabilera handiagoa izango luke, eta egin beharreko inbertsioaren errentagarritasun soziala handituko litzateke”. Gainera, inguruko biztanleek erabilera publikoko espazio moldagarria izaten jarraituko lukete.

 Kostuak eta epeak

Zenbait etapa zehaztu dituzte: pilotalekua eraistea, pilotalekuaren eta lorategiaren inguruan indusketa arkeologikoa egitea, orube osorako esku-hartze integrala definitzeko arkitektura ideia-lehiaketa, eraikin berria eraikitzea, antzinako ostatua birgaitzea eta jauregiaren birgaitze integrala, Euskararen Etxearen egoitza izan dadin. Beraz, lehenengo fase batean Gasteiz Antzokiarekin eta eranskinekin lotutako lanak egingo lirateke, eta horren kostua 2,5 eta 3,5 milioi eurokoa izango dela aurreikusten dute. Lehiaketa eta proiektua lantzeko, pilotalekua eraisteko, indusketa arkeologikoa egiteko eta lana gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izan liteke.  Guztia agintaldi honetan egin nahi da. Bigarren fasean, jauregia bera birgaituko litzateke: horren kostua 2,5 milioi euro ingurukoa izan liteke, eta gauzatzeko epea, 12 eta 18 hilabete bitartekoa. Bitartean, Euskararen Etxearen egoitzak Montehermoson jarraituko luke.

(Albiste hau Arabako Alean argitaratu da eta CC-by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude