Euskal eskola publikoan matrikulatzeko epea urtarrilaren 18an irekiko da, eta hilaren 29ra arte luzatuko da. Jaiotza tasaren apaltzea medio, datozen urteetako matrikulazioetan %20ko jaitsiera aurreikusten duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
"Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, gurea" lelopean abiarazi dute 2021-2022 matrikulazio kanpaina. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, hurrengo astelehenean, hilaren 18an zabalduko dituzte Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako aurrematrikulzioak.
Hori dela eta, agerraldia egin zuten asteazkenean, hilaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzek, sailburuordea den Begoña Pedrosak eta Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak.
Matrikulatzeko, zer?
Matrikulatzeko eskabideak urtarrilaren 18tik 29ra aurkeztu ahal izango dira. Eskatzaileen zerrendan otsailaren 16an argitaratuko da. Martxoaren 9an aterako dituzte behin behineko zerrendak eta martxoaren 16ra arte izango da tartea erreklamazioak egiteko, baita atzera egiteko ere, nahi izanez gero. Behin betiko zerrendak erreklamazioen ostean argitaratuko dituzte, martxoaren 23an, eta errekurtsoak jartzeko epea apirilaren 23ra arte luzatuko da. Aurrematrikulazioa internet bidez egiteko aukera izango da [informazioa hemen]. Ikastetxeetara jo beharrez gero, familiek hitzordua eskatu beharko dute, pilaketak saiheste aldera.
Guztira, 15.300 ikasle ingururi egin die dei eskola publikoak, 2021-2022 ikasturterako. Izan ere, urtarrilaren 13an egindako agerraldian biltzarkideek emandako datuen arabera, 2018tik 2.000 ikasle gutxiago matrikulatu dira eta dagoeneko nabaritzen hasia da jaiotza tasaren apaltzea ikastetxeko geletan ere. Gainera, egin dituzten ikerketek matrikulazioen %20ko jaitsiera aurreikusten dute.
700 ikastetxe aukeran
700 ikastetxe izango dituzte guztira aukeran familiek. 541 ikastetxe izango dira bi urteko aurrak jasoko dituzenak. 542 eskolatan eskainiko dute Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, 533tan egin ahalko da Lehen Hezkuntza, eta 327 ikastetxetan ikasi ahalko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.