Ikastetxean nolako jolastokia nahi duten gogoetatu eta proposatu dezakete Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoek. Horietako bi proiektu hautatu eta martxan jarriko ditu udalak datorren ikasturtean bertan, profesionalek lagunduta. Hainbat eskolak “ez du ez txirristarik, ez toboganik, ez orekarako enborrik, ez zaburik. Oso gogorra da hori”.
Patioa eraldatzen ari diren ikastetxeen albisteak han-hemenka irakurri izan ditugu, baina eskola gehienen jolastokia oraindik hormigoizko zoru monokromatiko laua da. Ez da jolasteko sobera estimulatzailea, Fermin G. Blanco arkitektoak ARGIAri kontatu zionez: “Egon berri naizen ikastetxeak saskibaloiko saskiak eta futbolerako ateak baino ez ditu, ez du bestelako jolas elementurik, ez txirristarik, ez toboganik, ez orekarako enborrik, ez zaburik. Oso gogorra da hori”.
Gero eta gehiago eskatzen da eraldatu daitezela psikomotrizitatea sustatzen ez duten patio horiek, genero ikuspegitik desorekatuak direnak, klimatikoki kaltegarriak; natura sartu nahi dute, oreka-jolasak, bestelako zorua… Azken finean, ikastetxeetako kanpo espazioak duen funtzio garrantzitsu eta hezitzaileaz kontziente da hezkuntza komunitatea, batik bat pandemiaz geroztik. Sarri, ordea, arazoa da baliabide pertsonal eta ekonomikoak falta dituztela patioak eraldatzeko.
Bada, potentzial hezitzaile eta pedagogiko handiagoa izango duten eta erabilera askotarikoak bultzatuko dituzten patio atseginago eta jasangarriagoak helburu, lehiaketa abiatu du Iruñeko Udalak. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko balioko duten patioak nahi dituzte, auzoaren birika izango direnak.
Haur Hezkuntzako bigarren zikloa edota Lehen Hezkuntza duten ikastetxeak aurkeztu daitezke (3-12 urte inguruko ikasleei eragingo die) eta barne-gogoetaren ondorioz adosten duten proiektuaren memoria udalera bidali behar dute. Epaimahaiak kontuan hartuko ditu, besteak beste, eskolako ikasleriaren zaurgarritasun tasa, babesgabetasun klimatikoa, patioari eman nahi zaizkion erabilera eta dinamikak, eta esku hartu aurretik jolastokiak dituen azpiegitura berdeak (landaredia, zuhaitzak, itzalak…) eta urdinak (azalera iragazkorrak). Aurreko urteetan jolastokia eraldatu duten ikastetxeek ezin dute parte hartu, ezta patioan aparkalekua dutenek ere.
Kontuan hartuko dira, besteak beste, eskolako ikasleriaren zaurgarritasun tasa, babesgabetasun klimatikoa, patioari eman nahi zaizkion erabilera eta dinamikak, eremu berdeak...
Udalak gehienez bi proiektu aukeratu eta bakoitzarekin parte-hartze prozesu berri bat jarriko du martxan, 2026-27 ikasturtean. Profesionalek lagunduta, hezkuntza komunitate osoaren iritziak jasoz egingo dute bidea, bereziki haurrak entzunez eta behatuz.
Fermin G. Blanco eta Clara Eslava arkitektoek ARGIAko artikuluan aipatu ziguten erresistentzia handia dagoela administrazioen aldetik, aldaketan inbertitzeko, eta Gasteiz jarri zuten adibide positibotzat: udala ari da ikastetxe publiko guztietako patioak naturalizatzen –"ingurumenaren ikuspegitik, baina jolasari, pedagogiari… ere on egingo dio aldaketak, ezinbestean"–, eta bidea hori dela azpimarratu zuten, hiri politika bati erantzuten diolako, sare osoari eragingo diolako. Azken finean, ikastetxean ordu asko iragaten dituzte haur eta gazteek, “eta eskolan ongi bizitzea gauza handia da”.
“Neskek zentralitatea irabazi dute patio eraldatuan”
Kurutziaga ikastolako kanpo espazioa aldatzeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan zein eragin izan duen aztertu du Haizea Egiartek, eta hala jaso genuen ARGIAn. Besteak beste, patioaren erdigunea jolas libreari –eta ez futbolari– eskaintzeak neskek zentralitatea irabaztea ekarri du: “Zer egin dute Kurutziagan? Futbola ezin dugu kendu, baina gutxienez mugitu egingo dugu, bazterrean lagako dugu, eta sokasaltoan ibili nahi dutenek ez dute zertan iskin batean aritu, margotu nahi dutenek ez dute zertan bazterrean egon, zergatik ez jarri patio erdian halakoak egiten? Ikerketaren emaitzek diote oraindik asko falta dela neska eta mutilen gehiengoak batera jolasteko, baina neskek sentitu dezatela jolastokia eurena ere badela eta jolastokiaren erdian jardun dezaketela”.
"Ikerketaren emaitzek diote oraindik asko falta dela neska eta mutilen gehiengoak batera jolasteko, baina neskek sentitu dezatela jolastokia eurena ere badela"
Natura patioan sartzeak ere izan du eraginik, Kurutziagako ikasleengan: “Batez ere Haur Hezkuntzako umeentzat oso aberasgarria izan da eta hareatzan edo basoan ikusten dituzu esploratzen eta jolasten. Gakoetako bat da ikastolak ez dituela haurrak mugatzen, lupetzan edo errekan ez daitezen sartu, patiora ateratzeko katiuskak dituzte eta zikinduz gero aldatzeko arropa badute. Hainbat guraso kexatu egin ziren, umeak asko zikintzen zirela, baina zertarako egin da diseinu aldaketa, ez bada horretaz gozatzeko? Euskal Herrian zenbat euri egiten duen jakitun, euria ari duenean ere naturara ateratzea da ikastolak duen erronketako bat. Eta ikasgela barrukoa naturan egiteko aukera ere baliatu dute: belarrezko harmailetan eseri eta ipuinak kontatzea, adibidez”.