Eskola Txikien Festa egin zuten igandean, Bidania-Goiatzen. Gure Esku Dago ekimenaren egun berean antolatuta ere, jendea inguratzea zuten helburu, eta lortu zuten: lagun asko bildu ziren egunean zehar, eskola txikiak eta horiek bultzatzen duten hezkuntza eredua aldarri.
Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik lelopean, Txinkorta ikastetxeak prestaturiko ekitaldiez gozatu zuten gerturatu zirenek. Tartean, tailerrak eta puzgarriak, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen Bizipoza ikuskizuna, eta Gure Esku Dago ekimenarekin bat egin zuen giza-katea.
Hain zuzen, herri honetan egin zuten, 1988an, Eskola Txikien lehen Festa. 27 urteren ostean, jaia Bidania-Goiatzera itzuli zen. Herrian dagoen eskola bakarra da Txinkorta, 2000. urtean eraikia, eta gaur egun 36 familia, 52 ikasle eta 10 irakasle hartzen ditu.
Eskola eredu berezia
Landa eremuko herri txikietan edo auzo sakabanatuetan daude eskola txikiak. Gela berean dagoen adin aniztasuna dute ezaugarri eta bereizgarri nagusi: irakaslea tarteko, adin ezberdineko haurrek elkarlanean eta elkarri lagunduz ikasten dute, batzuetan gehiago dakitenekin eta bestetan gutxiago dakitenekin. Talde lanari, pedagogia aktiboari, balioei eta aniztasunari garrantzia ematen dio eskola txikiak.
Komunitate txikia izanik, gurasoen inplikazioa ere errazago lortu ohi da. Eta horri guztiari gehitu behar diogu herriarentzat duen garrantzia. Herriaren bihotza izan ohi da eskola txikia, herria bizi mantentzeko akuilu paregabea.