argia.eus
INPRIMATU
Eskola Txikien Festa ospatuko dute Bidania-Goiatzen igandean
  • Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik lelopean, eskola auzo edo herrian izatearen garrantzia aldarrikatuko dute Bidania-Goiatzeko Txinkorta eskolakoek.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 06a
1988an Bidania-Goiatzen ospatu zen lehenengoz Eskola Txikien festa; 27 urteren ostean itzuliko da igandean (Argazkia: eskolatxikiak.org)

Eskola txikien lehen festa Tolosaldeako herri honetan egin zen 1988an, eta 27 urteren ostean, jaia Bidania-Goiatzera itzuliko da. Eskolako zuzendari Saioa Urdangarinen hitzetan, eskola txikietan sortu ohi den irakasle eta gurasoen arteko lankidetzari esker antolatu dute ekainaren 8rako egitaraua.

Herrian dagoen eskola bakarra da Txinkorta, 2000. urtean eraikia. Gaur egun 36 familia, 52 ikasle eta 10 irakasle daude. Eguneroko funtzionamenduan ikusten ditu zuzendariak behar handienak; bestela, eraikinak dituen bost gelekin azpiegitura zerbitzu ona eskaintzen duela adierazi du. Eskola euskalduna eta hein batean nekazal-girokoa dela azaldu du, eta ziklotan banatuta dauden adin ezberdinetako umeak batera egotea eskola txikien aldeko puntua dela.

Noticias de Guipuzkoan irakur daitekeenez, herriko alkate Joxe Erramun Goikoetxeak Txinkortak herriaren nortasuna eta kulturaren transmisioa bultzatzen diharduela deritzo, eta euskararen erabilera sustatzeko bitarteko garrantzitsua dela.

Egitarauari hasiera giza-katearen aldeko argazkiarekin

Egun osorako antolatu duten egitarauan umeak izango dira protagonista. 10:30ean harrera ekitaldiarekin hasiko dute eguna eta ondoren, Gure Esku Dago ekimenaren aldeko argazkia aterako dute plazan.

Goizean, besteak beste, haurrentzat bi kros txiki, tailerrak eta puzgarriak izango dira. Ondoren, bazkaria egingo dute pilotalekuan eta arratsaldean, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen Bizipoza ikuskizuna izango da. Bien bitartean, Skandalue elektrotxaranga arituko da eguna girotzen eta eskolan bideo emanaldiak ere egongo dira.

Festa iragartzeko ondorengo bideoa egin dute: