Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein aberasgarriak diren azpimarratzeko.
Eskola eta herria, biak bat egitea funtsezkoa dela gogoratu du Irati Manzisidor irakasleen koordinatzaileak, festaren aurkezpenean: “Umeengan herriarekiko erroak eta lotura estua sortzea beharrezkoa du herri batek, bere oraingo eta etorkizuneko izana ziurtatzeko”. Azken finean, altxor handia dira landa guneko auzo eta herriak, ikaskuntza prozesuan: “Landa ingurunean mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri ditugu. Gure herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu eta horrela jarrai dezan lan egiten dugu Eskola Txikietan”.
Txiki, baina ez isolatu, eskola txikien sareak ematen dien indarra ere azpimarratu baitu. Horren lekuko, Ezkio-Itsasoko festa antolatzeko egin duten auzolan erraldoia. Gipuzkoako 27 Eskola Txikiak, Arabako eta Bizkaiko Eskola Txikiekin saretuta aritu dira lanean.
Ezkio-Itsasoko herri eskola duela 11 urte sortu zuten, herritarren eta udalaren ekimenak bultzatuta. bederatzi umerekin ireki zuten eskola, eta gaur egun 62 haur, hamabi hezitzaile eta 39 familiak osatzen dute.
"Gu gara kalitatezko hezkuntza publikoaren eskaintza herri txikietan, eta hori da bilatzen duguna"
“Herri txikiak ez dira lo leku”
Eskola Txikiak zerk batzen dituen galdetu genien ARGIAn Euskadiko Eskola Txikien koordinatzaileei, eta “eskola txiki guztiak eroso” sentitzen diren definizioa eman ziguten: “Aniztasuna bultzatzen duen tamaina txikiko eskola publikoa da gurea, landa eremuan kokatua, eta ezaugarri horiei esker aukera ugari ematen dituena”. Ez alferrik, eskola hauetako metodologia eta irakaskuntza, zenbait adinetako haurrak nahastu ohi dituena, askeagoa dela iritzi dio askok, baina garbi utzi ziguten: “Antolatzeko orduan talde txikia abantaila da eta normala da jendeak askatasun eta malgutasun handiagoa ditugula ikustea, baina horrekin ez da ulertu behar ezeren alternatiba garenik, gu gara kalitatezko hezkuntza publikoaren eskaintza herri txikietan, eta hori da bilatzen duguna”.
Beste mezu bat ere helarazi ziguten elkarrizketan: “Herri txikiak ez dira lo leku, ez dira argazki bat, bizirik dauden eremuak dira, etorkizuna erabakitzen ari direnak; komunitate kohesionatua eta bizia duten herrietan sinesten dugu eta bide horretan klabea da eskola, herriari begiratuko dion eskola berreraikitzea”.
Igandean, egitarau oparoa
Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik urteroko lelopean, egun osoko egitaraua prestatu dute ekainaren 8rako, Ezkio-Itsason. Besteak beste, perkusio eta txalaparta tailerrak, sormen gunea, Makusi gunea, puzgarriak, Igartubeiti eta Alegiako Sindikatoaren guneak, altxorraren bila, zirku tailerra eta ipuin kontaketa antolatu dituzte. Eguerdian, Ataungo Jentilbaratza elkarteak Marimunduko eta bere lagunen komeriak antzezlana eskainiko du. Eguna ixteko, berriz, Potx eta Lotx pailazoak arituko dira eta azken ekitaldi horretan eskola txikietako haurrek hartuko dute parte, espresuki prestatu duten koreografia bat dantzatuta.