argia.eus
INPRIMATU
Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe
  • "Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko irailaren 09a
"Eskola Bikaina Denontzat" izendatu duten prozesuaren aurretik, Imanol Pradales lehendakariak eta BegoƱa Pedrosa Hezkuntza sailburuak Etxebarri institutuan eman diote hasiera ikasturteari. Irekia.eus

Etorkizuneko hezkuntza programazioaren eta plangintzaren oinarri izango den araudi nagusia garatzea du xede, besteak beste, Hezkuntza Sailak abiatu berri duen foroak. Dena den, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ondokoa azaldu du, lehenengo bileraren ostean: “Ez gara bakarrik neurriez ari, proiektu eta programez ere ari gara eta arauditik harago joango gara”. Bilera “oso positiboa” izan dela adierazi du, jarrera eraikitzailea sumatu duela lehenengo saioan: “Horrela jarraitu behar dugu, beti errespetutik eta eraikitze jarreratik lanean”. Mahaiko eragileek egingo duten lana “ezin da hitzetan bakarrik geratu, benetako inpaktua lortu behar du”, borobildu du.

Prozesua maiatzera arte luzatuko da eta hiru fase izango ditu: diagnostikoa partekatzea; ikuspegi eta printzipioak definitzea; eta estrategiak diseinatu eta neurriak zehaztea. Eskola-onarpena, ISEI-IVEI eta EUSTAT kontuan hartuta Jaurlaritzak ondutako diagnostikoa 50 bat eragileri banatu die dagoeneko, eta analisi partekatua egiteko dokumentu horren bueltan eztabaidatzea izango da lehen urratsa.

Diagnostikoa aurkezteko, bi datu nabarmendu dituzte Jaurlaritzatik. Batetik, azken bi ikasturteetan 13.000 matrikula gutxiago erregistratu dira hasierako etapetan, jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz. Bestetik, 2020-2021 ikasturtean 2.500 ikasle matrikulatu ziren ikasturtea hasia zela, eta iaz 8.000 izan ziren. Horietako asko beste herrialde batzuetatik datoz, ez dakite euskaraz eta hezkuntza laguntzak behar izaten dituzte maiz.

2020-2021 ikasturtean 2.500 ikasle matrikulatu ziren ikasturtea hasia zela, eta iaz 8.000 izan ziren

Foroaren parte-hartze zabala azpimarratu du Begoña Pedrosak. Eragileen artean dira, besteak beste, Koordinatzeko Zuzendaritza, EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, Hezkuntzako Ikuskaritza, ISEI-IVEI, EHIGE, Fapacne, Apnabi, UNICEF, Save the Children, Plena Inclusión, Eusko Ikaskuntza, EHU, Deustu, Mondragon Unibertsitatea, BAM, EAJ, PSE, EH Bildu, PP, LAB, UGT, CCOO, Interinoak, Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE, EIBE, Elizbarrutia eta Ikastolen Elkartea.

"Itxurazalekeria ariketa"

Bi eragile garrantzitsuk, baina, ez dute parte hartu. STEILAS sindikatuak salatu du ez duela gonbidapenik jaso eta “itxurazalekeria ariketa” gisa definitu du mahaia, Jaurlaritzak oinarri dituen politikak “kontrako norabidean” doazela iritzita: segregazioa eta itunpeko ikastetxeak oso lotuta daudela eta, beraz, soluzioa “ikastetxeen publifikazio prozesu irmo bat” bultzatzea dela dio sindikatuak, baina administraziotik ez dela halakorik nahi, duela gutxi onartutako Hezkuntza Legeak berak erakusten duen moduan.

ELA ere ez da izan mahaian, eta sindikatu horrek ere, Jaurlaritzaren politikak izan ditu hizpide: segregazioari aurre egiteko, hiru oinarri aipatu ditu ELAk: euskarazko murgiltze eredua ezartzea eskoletan; ikasleen aniztasunari eta beharrei erantzuteko baliabideak; eta egungo sare banaketa (publikoa, itundua, erabat pribatua) gainditzea, “erabat publikoa izango den sistema propio baten bidean”. Sindikatuak uste du, ordea, Jaurlaritzak hiru neurri horiei uko egiten diela eta, beraz, horiek gabe mahaiak ez duela zentzurik .

LABek bai hartu du parte lehen saioan, baina kritiko mintzatu da. Jaurlaritzak “metodologia lauso eta zehaztugabea” aurkeztu duela dio, eta Osasun Mahaia gogorarazi diola, alegia, “nahieran euren interesen arabera aldatzen” den prozesua. Hala, zehaztasunak eskatu ditu sindikatuak, “eta erabakiak nork eta nola hartuko dituen” galdetu du.