argia.eus
INPRIMATU
Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak
  • “Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar puntu nagusitan ardaztuko dela iragarri du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko apirilaren 08a
BegoƱa Pedrosa Hezkuntza sailburua, plana aurkezten. Irekia.eus

Hezkuntza Batzordean aurkeztu du plana Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak. Azpimarratu nahi izan du hezkuntza komunitatearen parte-hartze handia izan duen dokumentua dela –500 lagunek baino gehiagok parte hartu dutela adierazi du– eta EAErako Hezkuntza Legearen testuinguruan kokatzen dela 2025-2028 urteetarako plana.

“Irakasleek azken asteetan helarazi dizkiguten eskaera asko plan horretan jasota daude: babes handiagoa, ikasleentzako arreta hobea, hezkuntzako zerbitzu publikoaren kalitatea eta egonkortasuna”, azaldu du, eta planak bere gain hartzen dituen erronkak ere aipatu ditu, hala nola ikasleen segregazioa, indarkeria, hezkidetza, ekitatea, hezkuntza-sistemaren hobekuntza eta heziketa emozionala.

3.000 milioi eurotik gora eta lau eremu nagusi

Hezkuntza Sailetik nabarmendu dutenez, “Jaurlaritzak inoiz izan duen hezkuntza-aurrekonturik handienaren babesa” izango du planak. 2025ean, 3.247,5 milioi euro inbertituko ditu hezkuntzan.

Hamar ardatz estrategiko ditu aurkezturiko planak, lau arlotan banatuta: erantzunkidetasuna –“lidergo pedagogiko partekatuarekin eta sareko lanarekin”–, hezkuntza bikaintasuna –tartean euskara, berrikuntza pedagogikoa eta irakasleen sustapena–, ekitatea eta gizarte-kohesioa –inklusioa, bizikidetza, hezkidetza eta ongizate emozionala oinarri–, eta “etengabeko hobekuntza eta iraunkortasuna, digitalizazioaren, nazioartekotzearen, ebaluazio-kulturaren eta kontzientzia ekologiko aktiboa txertatzearen bidez”.

Oposizioan diren alderdi politikoek nagusiki kritikatu dute aurkezturiko planean proposamen zehatzak eta edukiak falta direla, plana oso orokorra dela. Aurrerago Eusko Legebiltzarrean plana onduago aurkezteko asmoa duela iragarri du Pedrosak.