argia.eus
INPRIMATU
Eskola jazarpen gisa identifikatutako 96 kasu antzeman ditu Jaurlaritzak joan den ikasturtean
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak 755 kasu aztertu ditu, aurreko ikasturtean baino 200 kasu inguru gehiagori eginez jarraipena. Hamarkada batean, identifikatutako eskola-jazarpen kasuek gora egin dute.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko abenduaren 05a
Cristina Uriarte, ostegun goizeko agerraldian.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ostegunean aurkeztu ditu eskola-jazarpenaren inguruko datuak. Guztira 755 kasu aztertu zituzten 2018-2019 ikasturtean, eta horietatik 96 jazarpen gisa identifikatu zituzten, hau da, azterturikoen %12,72. Aurreko ikasturteko portzentaiaren azpitik geratu da kopurua –2017-2018an, %14,29–, baina hala ere hamazpi kasu gehiago dira.

Hamarkada batean, aztertutako kasuen eta antzemandako jazarpenen kopurua izugarri igo da. 2008-2009 ikasturtean 75 kasuri besterik ez zion eman jarraipena Jaurlaritzak.

Iazko 96 eskola jazarpen horien erdia baino gehiago (50) EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan identifikatu zuten. Jazarpen mota ugari antzeman dituzte, baina gehien errepikatu dena marjinazio edo bazterketa soziala izan da, kasuen %46. Bestalde, hamarretik hiruk, hitzen bidezko irainak jasan dituztela diote txostenean.