argia.eus
INPRIMATU
Eskola jantoki osasuntsu eta jasangarriagoen aldarria Lakuari
  • Gure Platera Gure Aukera plataformak elikadura osasuntsu eta jasangarria bermatu dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Ahal den neurrian eskoletan sukaldeak eraikitzea, eta nahi duten jangela mota aukeratu dezaten ikastetxe publikoen erabaki ahalmena handitzea izan dira beste eskaeretako batzuk.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 20a
Gure Platera Gure Aukera.

2000. urtean ezarritako araudi batek ordura arteko eskola-jantoki eredua aldatu zuen. Lege horrek “kudeaketa zuzena” izeneko eredua ezarri zuen EAEko ikastetxe publikoetako jantoki guztietan, Jaurlaritzak zuzenean kudeatutakoa, alegia. Eredu horren bidez, catering enpresa batek kudeatzen ditu jantokiak, eskoletako sukaldeak desagertzeraino. Horregatik sortu zen Gure Platera Gure Aukera ekimena, elikadura jasangarria ikastetxe publikoetara bueltatzeko asmoarekin.

Hauen eskaerei kasu eginez, 2018an Eusko Jaurlaritzak eskola-jantokien batzordea jarri zuen martxan. Gure Platera Gure Aukera plataformak, ordea, salatu du batzorde horrek Ikastetxeetako Guraso Elkarteen (IGE) esku utzi nahi izan duela jantokien kudeaketa, Administrazioari dagokionean.

Joan den urteko urrian Eusko Jaurlaritzarekin beste akordio batera heltzea lortu zuten, eta lau hilabeteko epean etorkizunean sukaldeak eraikitzeko proposamena aztertu behar du Jaurlaritzak.

Etorkizunari begira

Gaur egun, prozesu honen guztiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak catering enpresa handien kudeaketari alternatibarik jarri ez duela adierazi du plataformak. Hala ere, 2019-2023 Azpiegituren Planean zazpi sukalderen eraikuntza jasotzen da.