argia.eus
INPRIMATU
Eskola jangeletako langileen lehen greba egunak %60ko parte hartzea izan du, sindikatuen arabera
  • Asteazkenean izan zuten eskola jangeletako langileek lehen greba eguna, segurtasuna eta enpleguak bermatzearen alde. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba beste bi egunez egingo dutela jakinarazi dute, urriaren 27an eta 29an. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 22a
Atzo izan zuten greba egunak %60ko parte hartzea izan zuen

Ikastetxe publiko, pribatu zein itunpekoetako jantokietako azpikontratak izan ziren asteazkeneko protestetako protagonistak. Eskola jangeletako langileak, lan-baldintza duinak, enplegua eta segurtasuna bermatzearen alde hartu zituzten atzo EAEko hiriburuetako kaleak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako grebara batu ziren, eta, hauek jakinarazi dute, atzoko lanuzteak %60ko parte hartzea izan zuela. Urriaren 27an eta 29an ere, grebara deitu dute. 

Sindikatuek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari leporatzen diote orain arteko erabakiak alde bakar batez hartu izana eta sindikatuen ikuspuntuen iritzia ez entzun izana. Asteazkenean, Hezkuntza Sailak bilera batera deitu bazituen ere, sindikatuek protestari eustea erabaki zuten, bezperan iragarri baitzuten bileraren eguna. 

Jantokietako langileak enpresa pribatuek kontratatzen badituzte ere, EAEko ikastetxeetan zerbitzua ematen duten langileak direla babesten dute sindikatuek, eta beraien ahotsa entzuna izan beharko litzatekeela defendatu. Segurtasuna bermatzea, enplegu eta lan baldintza duinak izatea, ratioak jaistea eta lan kargak ez handitzearen alde ari dira greban, zerbitzu seguru eta kalitatezkoa eskaintzeko.

Greba egun hauetan, jangelek, zerbitzu minimoak emango dituztela jakinarazi dute. Sukaldari eta begiraleen kasuan %10a izango da lanean. Premia bereziko ikasleentzat berriz, nahitaezkoa den begirale kopurua ezarriko da.