Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak eskola jantokien ustezko iruzurraren eta administrazio publikoaren artean loturarik ba ote den ikertzeko martxan jarritako auzia artxibatu du, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun penalik ez duela argudiatuta.
18 milioi euroko isuna ezarri zien sektoreko zortzi enpresari Lehiaren Euskal Agintaritzak otsailean, zerbitzuaren prezioa adostu zutelako. Orduan eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak organo horren txostena Fiskaltzara bideratzea, administrazio publikoko karguek erantzukizunik zuten ala ez argitzeko eta prezioa adosteak administrazio publikoko ondarea kaltetu ote zuen ikertzeko.
EAEko fiskal nagusi Juan Calparsorok Eusko Jaurlaritzak zigor erantzukizunik ez duela ondorioztatu du orain eta auziak soilik bide administratibotik jarraitu beharko du –enpresei ezarritako isunak errekurrituta daude, epaiaren zain–.
Alderdien erreakzioak
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen iritziz “ez zegoen inolako jarduera irregularrik, PPk antolatutako “montajea” baino ez da izan Jaurlaritza eta EAJ alderdia ahultzeko helburuarekin”. Horregatik EAJk “salaketa faltsuengatik barkamena eskatzea” eskatu dio PPri. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du EAEko gobernuak bideratu zuela auzia Fiskaltzara.
“Artxibatu badu, zantzurik ez dagoelako izango da” esan du bere aldetik EAEko PPko buru Alfonso Alonsok. Hala ere, gaitzetsi du Eusko Legebiltzarrak auzia “sakonki” ikertzeko batzorderik ez sortzea, “kudeaketan eraginkortasunik behintzat ez baita izan”.