Eskola inklusiboa eta pedagogia feminista, STEILASen 40. urtemuga ospatzeko

  • 40 urte bete ditu STEILAS sindikatuak eta ospatzeko lau saio ireki antolatu dituzte, sindikalgintza eta feminismoaz, eskola inklusiboaz, pedagogia feministaz, eta zerbitzu publikoak erasotzen ari den neoliberalismoaz. Dokumentala ere aurkeztuko dute, eta amaitzeko, maiatzean iritsiko da sindikatuaren XI. Kongresua, “40 urte publikoaren alde” lelopean.

ARGIA @argia
2018ko urtarrilaren 31

Hego Euskal Herriko hiriburuak hautatu dituzte hitzaldietarako. “Sindikalgintza ere feminista” izenburua izango du Gasteizen, martxoaren 1ean eskainiko dutenak. Ainhoa Etxaide, Assumpta Barbens, Iratxe Alvarez eta Arantxa Fernandez de Garaialde izango dira bertan, sindikalgintzari lotutako lau emakume.

“Eskola inklusiboa jendarte baztertzailean” gaia jorratuko dute Amelia Barquin, Begoña Lasa eta Teresa Jiménez adituek, martxoaren 14an, Bilbon.

“Hezkidetzatik pedagogia feministarantz” ildoari helduko diote Inma Hurtado eta Mari Luz Estebanek, apirilaren 19an, Iruñean. “Ezinbestekoa ikusten dugu paradigma feministatik abiatzea hezkuntzan heteropatriarkatuaren ideologiari aurre egiteko”, diote antolatzaileek.

Azkenik, maiatzaren 4an Donostian izango da hitzordua: “Neoliberalismoaren erasoak zerbitzu publikoei” izenburupean, zerbitzu publikoen pribatizazioa izango dute mintzagai Amaia Perez Oroko eta Txiki Muñozek.

Dokumentala eta kongresua

Horrez gain, dokumentala ere aurkeztuko du sindikatuak, hezkuntzaren panorama globalaz gogoetatzeko asmoz. Hezkuntza munduko pertsona esanguratsuen elkarrizketak jaso dituzte horretarako.

Maiatzaren 18 eta 19an berriz, STEILASek bere XI. Kongresua egingo du, Gernikan. 150 ordezkari inguruk parte hartzea espero dute, “hurrengo lau urteetarako lan ildoak definitzea” helburu.

Kanal hauetan artxibatua: STEILAS  |  Hezkuntza  |  Euskal eskola publikoa

STEILAS kanaletik interesatuko zaizu...
Aste osoko grebak deitu dituzte hezkuntza publikoan

EAEko hezkuntza publikoan mobilizazio berriak iragarri dituzte ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, urtarriletik ekainera bitarte (ikusi behean mobilizazioen egutegia). Eusko Jaurlaritzarekin akordiorik lortu ezean, besteak beste langile guztientzako hiru greba egun eta sektoreka aste osoko grebak dituzte aurreikusita.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude