argia.eus
INPRIMATU
Eskola guztietan erizain bat jartzeko eskatu du SATSEk
  • Eskoletan erizain bat egotea “nahitaezkoa” da osasun prebentzioan laguntzeko, Nafarroako erizain sindikatuaren arabera.

Olaia L. Garaialde 2023ko uztailaren 28a

Belaunaldi berriek bizi kalitate “hobea” izateaz gain, “osasuntsuago” egotea nahi du SATSE Nafarroako erizain sindikatuak. Horregatik, 2023-2024 ikasturterako eskola guztietan erizain bat jartzeko eskatu diete osasuna eta hezkuntza arloko ordezkariei: “Osasun ohitura eta jarrera txarrak identifikatzen lagundu dezakete erizainek; askotan baitira alarma pizten dutenak”.

Eskoletan erizainak jartzearen helburua da haur eta nerabeei osasuna zaintzeko informazioa erraztea prebentzioan laguntzeko. Gaineratu dute bat-bateko oinazeak artatzeaz gain, prebentziorako “ezinbestekoak” direla erizainak: “Osasuntsuak ez diren jokabideak eta ikasleen osasun fisikoan, psikologikoan eta emozionalean eragiten duten ohiturak hautematen dituzte; hala nola elikadura nahasmenduak, jazarpen eta indarkeria kasuak eta adikzioak garaiz hautematen lagundu dezakete”.

Azaldu dutenez ohitura eta jarrera ez osasuntsu “gehienak” txikitan garatzen dira; hortaz, eskolak “oso egokiak” izan daitezke bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko: “Ikasleen hazkundea eta garapen optimoa zaintzeko eta zaintza-estrategiak gizarteratzeko eta ikasteko ere dira egokiak eskolak”. Hor pasatzen dutelako denbora gehien haur eta nerabeek.

Sindikatuko kideen arabera, horrelako egoeretan elkarlanean aritu behar dira hezkuntza arloko, osasun arloko eta beste esparru sozialetako langileak: “Erizainik ez jartzea da elkarlanean haur eta nerabeei osasuna babesteko eta zaintzeko tresnak azaltzeko aukera galdetzea”.