argia.eus
INPRIMATU
Esklabotza enkante bat grabatu du CNNk bideo batean Libian
  • CNN kateak bideo bat kaleratu du, bertan gazte afrikar batzuk ilaran ageri dira eta norbait enkantea egiten entzuten da, bideoa Libian grabatutakoa da.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 27a

XXI. mendean pertsonen salerosketak bizirik jarraitzen du. CNN katearen bideo batek hala frogatu du. Bideoan “esklaboen merkatu” bat ageri da. Bertan errenkadan daude gazte afrikar batzuk eta pertsona bat hauek enkantean saltzen entzuten da.

Apirilean Migrazioen Antolakunde Integralak salatu zuen gisa horretako merkatuak existitzen zirela baina ordukoan ez zuen oihartzun handirik izan albisteak. Azaroaren 14an ordea CNN kateak hori frogatzen zuen bideo bat kaleratu zuen, pertsonak 400 eta 800 euroren truke saltzen zituzten bertan.

Bideoak erreakzio ugari eragin ditu. Sare sozialetan “ez nago salgai” zioten mezu ugari zabaldu dira. Europar Batasunak eta Batasun Afrikarrak ere gogor salatu dute pertsonen salerosketa. Libiari eskatu diote bete ditzala Nazio Batuen Erakundeak onartutako gizakien salerosketaren inguruko protokoloa.