Sindikatuak salatu du apiriletik ez dela haurrik artatzen larrialdietan. Ohartarazi du “aspalditik” ari direla zerbitzuak gutxitzen, ez bakarrik pediatrian. Maiatzaren 16an, 14:00etan, kontzentrazioa egingo dute ospitaleko sarreran.
ESK sindikatuak Bidasoako Ospitalearen egoera salatu du. Esan duenez, azken plan berria argitaratu zenetik, apirilean, larrialdi pediatrikoak bertan behera geratu dira. Ohartarazi duenez, pediatria ez da desagertu den zerbitzu bakarra, urologiarik ez baitago, eta beste espezialitate batzuk ere “arriskuan” daudela gehitu du: “Hala nola traumatologia, kardiologia (une honetan 4-5 hilabeteko itxarote-zerrenda du) edo neurologia”. Gipuzkoan biztanle gehien dituen bigarren eskualdea izanik, egoera “onartezina” dela iritzi dio, eta mobilizazioetara deitu du maiatzaren 16rako, 14:00etan, Bidasoa Ospitaleko sarreran.
Falta diren larrialdi zerbitzuak Donostia Ospitalean ematen dituzte, pediatrikoak behintzat; baina zerbitzu hori ez dute indartu, eta “saturatu” egin da, oinarrizko arreta zerbitzuak ixteraino, sindikatuak salatu duenez. Beste kasu batzuetan, beste ESI batzuetara edo medikuntza pribatura bideratu izan dituzte pazienteak. Hori horrela, ospitalearen murrizketa “argia” dela salatu du ESK-k, eta Bidasoaldeko biztanleen osasuna “arriskuan” jartzen ari direla.
Larrialdietan soilik ez, lehen mailako arretan ere gabeziak daudela salatu du: zerbitzu guztiak Irungo Osasun Zentroan ematen dira, Dunboakoan erizaintza pediatrikoa baitago bakarrik.
Gurasoak ere, erne
Egoerak alarmarik piztu du gurasoen artean ere, eta sinadura bilketa jarri dute martxan larrialdi pediatrikoen zerbitzua berreskuratzeko. Hori kentzeak haurren bizitza “arriskuan” jarri dezakeela iritzita eta haurren larrialdi batean “minutu bakoitzak” kontatzen duela argudiatuta, change.org plataforman sinadurak biltzeari ekin diote. Dagoeneko 4.500etik gora bildu dituzte.