argia.eus
INPRIMATU
'Esfendemos a Tierra', Esaren handitze lanen aurkako jaialdia Artiedan
  • Hilaren 18tik 20ra bitartean Esfendemos a Tierra (Lurra defenda dezagun) jaialdia egingo da Aragoiko Artiedan, Esa urtegiaren handitze lanen aurkako erresistentziaren ikur bilakatu den herrian.

Jon Torner Zabala @jtorner 2014ko uztailaren 17a
Artieda, Esaren aurkako borrokaren ikur. (Argazkia: Valentín Cazaña)

Aturando Yesa kolektiboak, Bloque Independentista de Cuchas ezkerreko koalizioak eta Artiedako Udalak antolatu dute jaialdia. Hiru egunez hainbat kultur ekitaldi izango da Artiedan, baita mahai-inguruak ere, Esaren aurkako 30 urteko borrokari, saharar herriak bizi duen errealitateari eta mugimendu antifaxistak Aragoin egiten duen lanari buruzkoak tartean.

Besteren artean, antolatzaileek salatu dute Esako urtegia laborantzarako lurrak itotzen ari dela, lur mugimenduek pitzadurak eragin dituztela eta hainbat herritarren baratzeak haien oniritzirik gabe desjabetu dituztela.

Eskuin hegaleko etxeak desjabetu dituzte

Espainiako Gobernuak iragarri du desjabetu egingo dituztela 2013ko otsailean alde egitera behartuak izan ziren Mirador eta Lasaitasuna urbanizazioetako herritarren etxeak, Ebroko Ur Konfederazioak lur horiek behar dituelako Esa handitu ahal izateko. Lur mugimenduek pitzadurak eragin zituztelako hustu zituzten etxe horiek.

Nafarroako Gobernuak, gaur arte Ur Konfederazioaren eskutik joan denak, adierazi du Espainiako Gobernuak "kalte-ordain egokiak" ematea espero duela. "Pentsatzekoa da etxeak desjabetuko dituztela segurtasun arrazoiengatik", esan du Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek.

Konfederazioko presidente Xavier de Pedrok adierazi du presaren segurtasuna "erabat bermaturik" dagoela. Kontuan hartu behar da, dena den, Esa ingurua dela arrisku sismiko handiko gune bezala katalogatutako Aragoiko gune bakarra, Noticias de Navarra egunkariko kazetari Enrique Condek gogorarazi duen moduan.

- Esako handitze lanei buruzko albiste gehiago.