argia.eus
INPRIMATU
Trintxerpeko ‘Escalerillaseko’ bizilagunen aurkako epaiketa sententziaren zain geratu da
  • Trintxerpeko (Gipuzkoa) Herrera kaleko 'Escalerillas' eraikinean 60 urte baino gehiago bizitzen daramaten bost familia etxegabetu nahi dituzte Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, merkantziak portutik mugitzeko trenbide bat eraikitzeko. Astelehenean epaitu dituzte familiak, eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta elkarretaratzea egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 01
Donostiako epaitegiaren aurrean eginiko elkarretaratzea. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Etxegabetze arriskuan daude Escalerillas blokean bizi diren bederatzi familietatik bost. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, akusazioak "etxebizitzak usurpatzea" leporatu zien eraikin horretako bizilagunei, baina defentsak argudiatu zuen lehenbiziko maizterrek errenta kontratuak subrogatu zizkietela ondorengoei. Astelehen goizean izan dute epaiketa bost familiek, eta sententziaren esperoan geratu dira, sindikatuko abokatuen arabera hurrengo egunetan helduko dena.

Pasaiako Portuko Agintaritza eta Euskal Trenbide Sarea Pasaiako portura heltzen diren bobinak Durangora (Bizkaia) mugitzeko trenbide bat eraiki nahi dute, eta horretarako eraitsi nahi dute bederatzi familia bizi diren blokea. Prozesuari 2023ko abenduan ekin zioten, kaleratu nahi dituzten herritarrei kalte ordain ekonomikorik eta bizileku alternatibarik eskaini gabe, etxebizitza sindikatuak salatu duenez.

Epaiketa eta elkarretaratzea

Etxegabetu nahi dituzten Trintxerpeko bizilagunek eta etxebizitza sindikatuak deituta, dozenaka lagunek kontzentrazioa egin dute astelehenean Donostiako epaitegietan, epaiketa bitartean. Elkarretaratzean gaitzetsi egin dute Pasaiako Portuko Agintaritzak duen "negoziatzeko borondate eza". Horren adierazle, azaldu dute erakunde horrekin bilera hitzartu zutela familiek duela bi aste, baina "agenda arazoak" argudiatuta, egun bat lehenago bilera bertan behera utzi zuela.