argia.eus
INPRIMATU
Esa urtegiaren handitze lanak geratzeko eskatu dute Zangozako herritarrek
  • Esa+ez plataformako kideek urtegia handitzeko obrak geratzeko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan. Azpiegiturak dituen segurtasun arazoak konpontze aldera, ikerketa zorrotza egitea beharrezkoa dela diote.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 21a
Esaren 2.098 hektareek Aragoiko lurrak hartzen dituzte, baina presa Nafarroan dago (Argazkia: Dani Blanco)

Kolektiboko kide Iker Aramendia zangozarraren hitzetan, bereziki presaren behealdean bizi direnentzat dira obra horiek arriskutsuak: "Gure kezka datuekin azaleratzera gatoz. Jada 60 etxebizitza hustu dituzte Esan, mendi-hegala asko mugitzen ari delako".

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) "lasai" egoteko dio, "lurra 6-8 zentimetro besterik ez delako mugitzen hilean". Aramendiak adierazi duenez, horrek esan nahi du metro bat mugitzen dela urtean: "Izugarri pila da hori".

"Kontua da hilean 13 zentimetro mugitzera heldu dela, eta orain tartea txikiagoa denez, CHEk lasaitasuna transmititu nahi du. Baina gu ez gaude lasai. Herritarrei astean bi orduz uzten diete euren etxeetara sartzen, eta zaintzapean gainera".

Lur mugimenduek presa kaltetu dezaketela azaldu du Aramendiak. "Gertatzen ari denaren arduradun nagusia CHE da, baina Nafarroako Gobernuak ere badu erantzukizuna, berari baitagokio bere herrien segurtasuna bermatzea".