Antonio Casas geologo eta Zaragozako Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, Esa urtegiaren presa "arriskuan" dago, handitze lanen eraginez. Hala, alboko herrietako biztanleak ebakuatzea komeni dela esan du, Zangozakoak tartean. "Sortutako alarmismoaren" aurrean, "lasaitasun mezua" helarazi du Nafarroako Gobernuak.
"Casasen sinesgarritasuna auzitan jarri gabe, gogoratu behar dugu tankerako alarma piztu zuela Itoizko presaren balizko higaduren aurrean", adierazi di Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Dioenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoek egindako txostenek ez dute kezkatzeko motiborik ematen.
Antonio Casas geologoaren hitzetan, ordea, presa "igotzen" ari dela diote aipatu txostenek: "Presa arriskuan dago. Ez diot nik, Konfederazioaren txostenek baizik. Ez dut esaten Zangozako herritarrak oraintxe bertan ebakuatu behar direnik, baina simulakroak egiten hasi beharko lirateke, presaz beherako herriak arriskuan baitaude".
"Nire iritziz, egoera ez da arriskutsua, dramatikoa baizik, aurretik ere higadurak sufritu dituzten materialak erabiltzen ari direlako", gaineratu du unibertsitateko irakasleak.