argia.eus
INPRIMATU
“Ertzaintzaren sarekadak ez dira osasun publikoaren alde, argi eta garbi”
Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2024ko otsailaren 28a

Larunbatean Ertzaintzak drogen aurkako operazioa egin eta atxilotu zintuen. Zer gertatu zen zehazki?

Kalean nengoen eta emazteak deitu ninduen. Miatzen ari ziren taberna batean zegoen eta ez zeukan NANa eskura. Ni joan behar nintzen berresteko bere nortasuna. Heldu nintzenean polizia pilo zegoen taberna barruan, kanpoan… Ertzain batek galdetu zidan ea nor nintzen eta handik kentzeko esan zidan bultzaka.

Nik azaldu nuen identifikatzen ari ziren emakume baten senarra nintzela eta kenduko nintzela, baina ez bultzatzeko. Bazter batean jartzeko agindu zidan ertzainak eta berriro bultzatu ninduen. 

Errepikatu nion ez bultzatzeko berriro eta eskatu zidan identifikatzeko. Nik aipatu nion berarekin ez nuela ezer nahi. Ertzain horrekin identifikatu ordez, beste batengana joan nintzen eta nire burua identifikatu nuen. Nire izen-abizenak esan nizkion eta NAN zenbakia. Beste agente horrek hartu zituen datuak arazorik gabe.

Orduan itzuli zen beste polizia eta berriro jo ninduen bularrean. Esan nion ez egiteko berriro, nahikoa zela eta berriro egitekotan, ikusiko genuela zer gertatzen zen. Orduan ertzain horrek agindu zien besteei ni atxilotzeko.

"Atxilotuko nindutela esan zidatenean, eskatu nien eskuburdinak ez jartzeko sorbaldan, lesioa baitaukat bizkarrean. Hala ere, ez zuten jaramonik egin eta dozena erdi ertzainek jarri zizkidaten indarrez"

Nire erantzuna izan zen: “Ados, baina eskuburdinak aurretik jarri, eta ez bizkarrean, lesio bat baitaukat beso batean”.  Hala ere, poliziak agindu zidan eskuak atzean jartzeko eta esan nion ezetz. Dozena erdi ertzain gehiago etorri ziren eta azkenean indarrez jarri zizkidaten eskuburdinak sorbaldan, aurrean jarri ordez. 

Erresistentzia eta agintaritzaren kontrako erasoa leporatu dizkidate. Bi agentek baino ez naute salatu, egia esanda.

Atxiloketaren ostean jarraitu zuten arazoek, ezta?

Bai, anbulatoriora eraman ninduten ikusteko lesioren bat eragin zidaten edo ez, eta eskatu nien eskuburdinak apur bat askatzeko. Izan ere, oso gogor jarri zizkidaten eta mina egiten zidaten eskumuturretan.

Eskuburdinen presio arintzeko lanean ari zirela, konturatu ziren giltzek ez zutela balio. Ez batak, ez besteak, originalak ezta ere… Azkenean, suhiltzaileak etorri ziren eskuburdinak moztera.

Gasteizen egon zinen?

Bai, Gasteizera eraman ninduten eta ohiko prozedurak jarraitu zuen: argazkiak egin, aztarnak hartu… Goizeko bostetan askatu ninduten.

Zu JEZ enpresako LABeko atal sindikalean zaude. Bertako kideek urtarrilean salatu zenuten horrelako sarekada bat egin izana, hain zuzen, osasun publikoaren aldeko mobilizazio handi baten ostean.

Bai, salatu genuen operazio hauek gazteak jazartzeko baino ez dutela balio. Uste dugu beste polizia eredu bat behar dugula, herriaren mesedera dagoena, eta ez bere aurka. 

"Beste polizia eredu bat behar dugu, herritarren alde dagoena, eta ez aurka"

Larunbateko operazioan zu izan zinen atxilotu bakarra. Zein da egitasmo horien helburua, zure ustez?

Ez dakit, argi dago ez direla osasun publikoaren alde. Gazteak jazartzea? Ziur. Edonola ere, beste arrazoiren bat egon behar da, ez dagoena agerian. Baina, argi eta garbi, osasun publikoaren mesederako ez da tabernetan dauden gazteak miatzea. Hori eginda gazteria kriminalizatzen da solik, eta ez da drogen salmentaren aurka ezer egiten. Sarekada gehienetan ez dute ia ezer aurkitu.