Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa txikiagoen parte hartzea saihestu duela adierazi du.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak barne txosten bat egin zuen 2024an, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez eta bertan zalantzan jarri zituen Ertzaintzarentzat 300 BMW X1 ibilgailu hibrido esleitzeko kontratuan eskatutako baldintza teknikoak. El Diario Vascok jakitera eman duen bezala, ogasunaren txostenak "kontrakoa baina ez etengarria" zela adierazten zuen, eta ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela ohartarazi zuen, eta adierazi beste lizitatzaile batzuen lehia muga zezakeela.
Ogasunak planteatutako zalantzen artean, ibilgailu bakoitzaren prezioa dago: 70.000 euro baino gehiago ibilgailu bakoitzeko, eta azpimarratu du beste polizia erakunde batzuek marka eta enpresa berari prezio baxuagoetan erosi izan zizkiotela ibilgailuak. Baldintzek, gainera, enpresa zehatz baten alde egiten (Automoviles Oviedo) zutela adierazi zuten, zeina kontratu guztietan "omnipresente" bilakatu den ElDiario.esen arabera. BMWren kontzesionario lokal batek lehiaketara ez aurkeztea erabaki zuen, baldintzak hornitzaile bakar batentzat "neurrira eginak" zeudelako haren iritziz,
Bitartean, Eusko Jaurlaritzak prozesuaren legezkotasuna defendatu du. Segurtasun Sailak adierazi du arrazoi operatiboengatik aukeratu dituela BMW markako X1 autoak, hala nola "gorpuzkera fisiko desberdineko agenteentzat", eta atxilotuak garraiatzeko "leku egokia" behar dutelako. Iraganeko akatsak ere aipatu dituzte, hala nola, modelo txikiegiak erosi izan dituztela esan du. Ogasunak esleipena formalki blokeatu ez bazuen ere, ez zuen oniritzia eman, eta aurrera egin zuen Segurtasun Sailak. Guztira 24 milioi euro xahutu zituen Jaurlaritzak 300 auto hauek erostean.