argia.eus
INPRIMATU
Dimititu egin du Aldekoa Ertzaintzako buruak, Cabacas hil zuten operazioko arduradunak
ARGIA @argia 2014ko azaroaren 05

EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bat dela-eta galdu du Aldekoak intendente kategoria. 2011n, intendente kargurako egindako azterketan, jokoan zeuden hamar postuetatik hamargarrena lortu zuen. Hamaikagarren geratu zen ertzainak ordea helegitea ezarri eta hari arrazoia eman dio Auzitegiak.

"Egoera berri honetan, bapatean sortu den testuinguruak Ertzaintza-Buru izaten jarraitzea gehiegi baldintzatzen dutela uste dut", adierazi du Aldekoak. "Horregatik, zerbitzu komisioan betetzen dudan Ertzaintza-Buru postuko errenuntzia aurkeztu diot Segurtasun Saulburuari".

Gaineratu duenez, dena den, intendente kategoriako beste sei posturako deialdia egin du Ertzaintzak, eta berak parte hartzea erabaki du. Sei lehenengoetan geratuz gero, litekeena da kargua berreskuratzea. Momentuz, utzitako hutsunea ez du inork beteko.

"Neure gaitasun profesionalak berean dirau, eta berdin Ertzaintza-Buru izatea onartu nuen egun beretik izan ditudan ilusioak eta konpromezuak", dio gutunean Aldekoak. "Egoera profesional berri honetan, izendatuko dizkidaten leku eta eginkizunetatik, egunez egun jarraituko dut lanean proiektu berritzaile honek aurrera egin dezan, Ertzaintza bere osotasunean hartuz eta indartuz".

Informazio gehiago:

Aldekoaren gutuna Ertzaintzako buruzagiei, Berriaren webgunean (PDF)

Iñigo Gogoan plataformak 22.000 sinadura Aldekoa Ertzainburu izan ez dadin (2014-04-01)