argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak
  • Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 21
Donostiako Anoetan Reale Arena inguruan Ertzaintzak kargatu eta Amaia Zabarte zauritu zen unea. Linas Korta

2024ko martxoaren 5ean Donostian jokatu zen Real Sociedad eta Paris Saint-Germain futbol taldeen arteko partiduan larri zauritu zen Amaia Zabarte Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.

Auzitegiaren esanetan, auzia artxibatu zenez geroztik agertu diren bideo eta irudiek "aurrez aurre talka" egiten dute Ertzaintzak bere atestatuan emandako bertsioarekin, Noticias de Gipuzkoa-k jakin ahal izan duenez. Egunkari horrek pasa den ekainean bideo bat argitaratu zuen. Bertan ikusten da Zabarte nola erortzen den bat-batean lurrera, itxura guztien arabera jaurtigai batek buruan jo ondoren, eta gero ertzain batek nola ostikoa jotzen dion.

Auzitegiak dio "ebidentzia" ziurrak daudela esateko Realeko zalea foam jaurtigai batekin zauritu zutela, Noticias de Gipuzkoa-k jasotakoaren arabera. Zabarte oso larri egon zen hainbat egunez Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Hala, kasua daraman Donostiako Instrukzio Epaitegiari auzia berriz ikertzeko eskatu dio.

Auzitegiak dio "zantzuak" egon daitezkeela esateko Realeko zalea foam jaurtigai batekin zauritu zutela

Epaitegi horrek pasa den maiatzean artxibatu egin zuen kasua, "egile jakinik" ez zegoelako Ertzaintzaren ikerketan. Zabarteren defentsak, baina, helegitea jarri zuen eta eskatu zuen beste polizia indar batek iker zezala kasua: "Beste edozeinek hobeto egingo du, okerrago ezin delako egin", azaldu dio Efe agentziari Zabarteren familiarteko batek.

Ertzaintzak, bere aldetik, barne ikerketa bat abiatu zuen gertaera jazotakoan, baina hilabete asko igaro arren Segurtasun Sailak ez du erantzukizun penal edo diziplinarioen berririk eman. Are gehiago, Bingen Zupiria sailburuak irailean ziurtatu zuen ezin dela "baieztatu foam jaurtigaia izan zenik" Realeko zalea buruan larri zauritu zuena.