argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Mozal Legea aplikatzen jarraituko duela esan du Beltran de Herediak
  • "Ertzaintzaren irizpidea legea betetzea dela" esanez erantzun dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak EH Bilduko Julen Arzuagaren galderari. Iazko ekainean Legebiltzarrak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, ordutik hona 2.857 isun jarri ditu Ertzaintzak lege hori baliatuta.

Axier Lopez @axierL 2017ko otsailaren 20a
Zutik mugimenduko hainbat kide zigortzeko baliatu du Mozal Legea Ertzaintzak

Ertzaintzari eta Udaltzaingoei “ez dagokie legeen balorazio politikoa egitea eta arau-hausteak egiten direnean legea aplikatu behar dute, legeak jasotzen duen moduan", adierazi du Beltran de Herediak otsailaren 17ko bilkuran. Segurtasun sailak emandako datuek ikuspegi hori berretsi dute: Mozal Legea indarrean sartu zenetik (2015eko uztaila) 8.087 aldiz aplikatu dute Ertzaintzak eta Udaltzailegoek; 2.857 isun jarri dituzte Legebiltzarrak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bere egin zuenetik.

Mozal Legea erabiliz Espainiako Gobernuak ARGIAri jarritako isunaren harira, herritar, herri mugimendu eta kazetarien artean Mozal Legearen aurkakotasuna ia erabatekoa maila politikora eramateko proposamena landu zuen ARGIAk eta hala, Mozal Legea ez aplikatzeko proposamena luzatu zien Hego Euskal Herriko alderdi politiko guztiei. Horren ondorioez, 2016ko ekainaren 22an Eusko Legebiltzarrak Mozal Legea ez aplikatzeko erabakia hartu zuen –aurretik Gipuzkoako Batzar Nagusiek egin bezala– EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Ahal Dugu alderdien babesarekin. Ostiralean Beltran de Herediak lege horren zati batzuk aldatu behar direla onartu zuen, baina alderdi eta herritarren gehiengoaren babesa edukitzea ez da nahikoa Ertzaintzaren jarduna moldatzeko: "Legez besteko proposamen batek ez duelako Mozal Legea indargabetzen eta Ertzaintzak legea bete behar du”.

Arzuaga oso kritiko azaldu zen EAJk diseinatu duen polizia ereduarekin eta sailburuari gogorarazi zion ezinezkoa izango dela isunak saldoka jarriz herritarrengandik gertu izango den polizia lortzea.