Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzarako Euskararen Erabilera Plana aurkeztu du, 32 urteko historian lehen aldiz. Bost urterako plana da eta helburu nagusia agenteak euskal herritarrei zerbitzu elebiduna eskaintzeko gai izatea dela azaldu dute.
2014-2019 epean gauzatuko den planak hurrengo neurriak barnebiltzen ditu: euskalduntzerako urteko aurrekontua igotzea, plan espezifiko bat sortzea ertzainak lana euskaraz egiteko gauza izan daitezen eta euskara ikastaroak egiteko liberatzen diren ertzain kopurua handitzea. Egun liberatutako agenteak 25 dira, baina datorren urtetik aurrera, 80-100 artean izatea espero da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi du orain arte Ertzaintzaren lehentasuna “euskal biztanleen bizitza, eskubideak eta askatasuna zaintzea” izan dela, baina etorkizuneko Ertzainak “hurbileko polizia-zerbitzua” landu behar duela. “Ertzaintzak gai izan behar du euskal herritarrekin nahi duten hizkuntza ofizialean aritzeko”, adierazi du Beltran de Herediak.
Gaur egun 2.652 ertzainek euskararen PL1 maila dute, Europako Erreferentzia Markoaren B-2 mailaren parekoa (EGAren azpitik), eta 171 ertzainek PL2 maila, C-1 mailaren bateragarria dena (EGAren parekoa).
Ertzain-unitateak inguru sozio-linguistikoaren arabera sailkatuak
Ertzaintzaren unitateak herritarren zerbitzu zuzenaren mailaren eta unitate bakoitzaren inguru sozio-linguistikoaren arabera sailkatu ditu plan berriak. Honekin, euskara ikasteko lehentasuna duten unitateak eta ertzain-etxeak zehaztu nahi dira, euskara ikasteko liberalizatuko diren ertzainak, beharraren arabera sailkatzeko.
Euskararen Erabilera Planak ondorengo erabilera-irizpideak biltzen ditu: hizkuntza ofizialak, itzulpenak, euskararen sustapen-ekintzak eta hizkuntza-irizpideak kontratazio, informatika-tresna eta barruko zein kanpoko komunikazioan.