ARGIAko kazetari Gorka Bereziartuaren eta gertakari berean zauritutako herritar baten salaketak onartu dituzte. Uztailaren 26an deklaratu du bigarren honek Donostiako epaitegian. Auzi berean, ertzain bat deklaratzera deitu du epaileak irailaren 12an.
Ekainaren 19an Gipuzkoa Zutik mugimenduak hirugarren astea bete zuen egunean, asanblada hastear zela Ertzaintzak kide bat identifikatu ostean, lurrean eserita zeudenen aurkako kolpeak hasi ziren.
Jarraipena egiten ari zen Bereziartuak bideoan grabatu zuen. Azpiko bideoan ikus daiteke ARGIAko kazetariak jasotako testigantza.
Une batean, agente bat zuzenean beregana joan, eskuaz mugikorra kentzen saiatu eta lurrera bota zuen, galtza eta jertsea hautsiz, hark kazetaria zela behin eta berriz esan arren. Ez zioten kazetari txartela ateratzeko aukerarik eman, eta behin lurrean, txartela atera eta erakutsi arren, erretenitu egin zuten. Era horretan, hainbat zauritu eragin zituen kargaren momentua ongi grabatzea eragotzi zuen Ertzaintzak. Bereziartuak salaketa jarri du erasoa egin zion ertzainaren aurka.
ARGIAko kazetariaren aurkako erasoa hainbat kazetari elkartek salatu zuten, hala nola, Hekimen, EKE eta Espainiako Kazetarien Elkartea.