argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak bi lagun atxilotu eta 22 identifikatu ditu Urduñan
  • Agintaritzaren aurkako atentatua egitea leporatu diete bi atxilotuei. Ertzaintzak adierazi duenez, bi polizia agente zauritu zituzten igandeko operazioan. 

Aiaraldea @aiaraldea 2024ko apirilaren 15a
Atzoko esku hartzean grabatutako bideo baten fotograma bat.

28 eta 41 urteko bi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak igande goizaldean Urduñan. Poliziak azaldu duenez, 4:35ak aldera jazo zen gertaera. Zehaztu dutenez, Laudioko ertzain etxeko patruilak bertaratu ziren hiriko alde zaharrean kokatutako aisialdi gune batera, herritar baten deia jaso zutelako, lokal batean zarata handia entzuten zela esanez. "Iritsi zirenean, ertzainak haserre hartu zituzten, irainak eta objektuak bota zizkieten, eta mugakide ziren ertzain-etxeei laguntza eskatu behar izan zieten egoera kontrolatzeko", azaldu dute prentsa oharrean. 

Orduan atxilotu zituzten bi gizonak, agintaritzaren aurkako atentatua leporatu zieten. Horrez gain, 22 pertsona identifikatu zituzten orotara, eta hiru isun ezarri zituzten. 

Ertzaintzak azaldu duenez, bi agente zauritu ziren operazioan. Polizien hitzetan, herritarrek segurtasun kaskoak kendu zizkieten bi agente horiei, eta osasun zentroan artatu behar izan zituzten. Ondoren, baja hartu behar izan dute, "pairatutako lesioen ondorioz". 

Zenbait herritarrek, aldiz, salatu dute Ertzaintzak herritarren aurka kargatu zuela, eta zaurituak egon zirela horren ondorioz.

Epailearen esku utziko dituzte bi atxilotuak, "dagozkion eginbideak amaitu ondoren". 

Igandekoa ez zen izan Ertzaintzak Aiaraldean egin zuen esku hartze bakarra. Brigada Mugikorrak operazio zabala garatu zuen Laudion arratsaldeko azken ordutik goizaldeko ordu txikietara arte, baina ez zuen inor atxilotu ez isundu.