argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak autoarekin kolpatu du bere buruaz beste egin nahi omen zuen pertsona bat Arrasaten
  • Larunbat goizean gertatu da Arrasateko Martxoaren 8a kalean. Bi labanarekin kaletik zebilen gizonezko baten atzetik aritu dira Ertzaintza eta Udaltzaingoko hainbat kide. Pertsona hori inguratuta zutenean, Ertzaintzaren auto batek harrapatu egin du, sarean zabaldu diren hainbat bideotan ikus daitekeenez.

Axier Lopez @axierL 2020ko maiatzaren 24a

Ertzaintzak eta Arrasateko udaltzainek jakinarazi eta Goienak jaso duenez, sukaldeko bi laban eskuetan zituela kalean zebilen Arrasateko bizilagun bat larunbat goizean. Poliziek zehaztu dutenez gizonak ez zuen inori eraso egiteko asmorik erakutsi. Gizonak bere buruaz beste egiteko mehatxua egin duela azaldu dute udaltzainek. Bere burua zauritu du lepoan eta eskumuturretan.

Hainbat udaltzain eta ertzain haren atzetik aritu ostean, azkenean, inguratuta zutela, ertzainek autoarekin harrapatzea erabaki dute, sarean zabaltzen ari diren bideoetan ikusten denez. Gizonezkoa Arrasateko Ospitalera eraman dute.

ESAN eta Jusapol sindikatuek txalotu dute ertzainen ekintza:

Ermuan, bi ertzain

Bi ertzain arin zauritu dira larunbat arratsaldean Ermuan auto batek harrapatuta. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ibilgailu bat abiadura handian zihoan BI-3334 errepidean. Ertzaintzako patruila batek atzetik jarraitu du autoa. 29 urteko gidariak patruilaren kontra jo du bere autoarekin. Bi agenteak Mendaroko ospitalera eraman dituzte, zauri arinekin.