argia.eus
INPRIMATU
Magrebtar gazteak identifikatzeko deia Ertzaintzaren Sestaoko komisaldegitik
  • "Barakaldoko gaueko aisialdi guneetara joan ohi diren magrebtar gazteak identifika ditzatela" eskatu die ertzainei Sestaoko polizia-etxearen zirkular batek, El Correo egunkariak (pdf) jakinarazi duenez.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 08a
Ertzain bat, gazte bi identifikatzen (Argazkia: Luis Calabor / El Correo)

Dokumentua plan zabalago baten parte da, egunkariak dioenez, helburutzat duena ezkerraldean gertatzen den lapurreta kopurua murriztea, besteren artean. David S. Olabarri kazetariak dioenez, zonalde bakoitzari dagozkion "badaezpadako neurriak" zehazten ditu barne-zirkularrak, balizko delituen ezaugarriak aintzat hartuta. Susmagarrien artean "arabiarrak", "ijitoak", "toxikomanoak" eta "zuriak" daude.

"Iturri judizial eta polizial zenbaitzuri" erreferentzia eginez, El Correok dio identifikazioak ezin direla "modu arbitrarioan eta arrazaren arabera" egin. Teorian, pertsona "konkretu" batek ekintza "irregular" bat egin izanaren susmo "zehatzak" daudenean egin behar dira aipatu kontrolak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko bozeramaileek azaldu dutenez, indarkeria bidezko lapurreta kasuen inguruko datuetatik abiatuta zehaztu dituzte aisialdi guneei dagozkien helburuak.

Atxilotutako gehienak, arraza zurikoak

Barakaldon eta neurri txikiagoan Sestaon eta Trapagaranen daude arazo gehien, dokumentuaren arabera. Ertzaintzak indarkeria bidezko 88 lapurreta kasu ikertu zituen 2013ko azken hiru hilekoan: %74 Barakaldon gertatu ziren eta %14 Sestaon. Aipatu denbora tartean 29 lagun atxilotu zituzten ertzainek: horietako %15 ziren "arabiarrak", beste hainbeste "ijitoak", eta afrikarrak bi. Gainerako guztiak "arraza zurikoak" ziren, El Correok nabarmendu duenez.

Hainbat gizarte eragile zein SUP Espainiako polizia sindikatua hainbatetan agertu dira "justifikazioarik gabeko" identifikazio masiboen kontra. Hain justu, sindikatuak bere webgunean jaso du El Correoko albistea, ohar honekin: "SUPek denbora darama identifikazio masiboak salatzen".